Haurren Munduko Eguna: haurrak gatazkako testuinguruetan babestuz etorkizun bat izateko euren eskubidea bermatzen da
Haur guztiek eskubidea dute ingurune seguruetan hazteko, mota orotako indarkeriaren aurrean babesa jasotzeko eta beren gaitasunak askatasunean garatzeko. Gatazka armatua indarrean den lurraldetan, ordea, eskubide horiek egunero mehatxaturik daude, Kolonbiako Araucan, esate baterako.
Inguruan talde armatuak izateak, errekrutatzeko arriskuak, indarkeria sexualak, generoan oinarritutako indarkeriek eta babes-mekanismoen sarbiderako zailtasunek baldintzatu egiten dute haurren eta nerabeen bizitza. Errealitate horrek eragina du euren ongizate emozionalean, ikasteko dituzten posibilitateetan eta beren bizi-proiektua sortzeko aukeretan.
Azaroaren 20an Haurren Munduko Eguna dela-eta, Save the Childrenetik gogoratu nahi dugu haurrak babesteak beren eskubideak bermatzea esan nahi duela, baita testuingururik zailenetan ere. Horretarako, ezinbestekoa da haurrei entzutea, haien beharrei erantzutea eta hazten doazen familia-, hezkuntza- nahiz komunitate-inguruneak indartzea.
Araucako departamenduan, Lankidetzarako eta Garapenerako Euskal Agentziak finantzatu eta Save the Children Kolonbia eta Corocoras Fundazioa erakundeek inplementatutako “Haurtzaro Segurua Araucan” proiektuak haurrak eta nerabeak gatazka armatuari lotutako arriskuen, generoan oinarritutako indarkerien eta beste eskubide urraketa batzuen aurrean babes integrala indartzeko egiten du lan.

Ekimenak arreta psikosoziala, banakako laguntasuna, komunitateak indartzea eta indarkerien aurrean prebentzioa eta erantzuna hobetzeko profesionalen trebakuntza uztartzen ditu.
Emaitzek erakusten dute zer garrantzi duen haurrak eta beren bizitzako parte diren pertsonak babesteak:
- 377 haurrek talde mailako arreta psikosoziala jaso izan dute jarduera ludiko eta pedagogikoen bidez beren ongizate emozionala indartzeko, arriskuak identifikatzeko eta arreta egoki bat errazteko.
- 90 haurrek banakako laguntasuna jaso izan dute antzeman izan diren arrisku-egoerei erantzuteko kasuen kudeaketa-prozesuen bitartez.
- 56 neska nerabek parte hartzen dute “Eurek (neskek) Erabakitzen Dute” estrategian, beren lidergoa, beren beregaintasuna eta erabakiak hartzeko eta euren eskubideak gauzatzeko beren gaitasuna indartzen dituena.
Eskolak neskentzat ingurune seguruagoetan bihurtzen laguntzen ari den «Eurek (neskek) Erabakitzen Dute» metodologia da, hain zuzen, esku-hartzearen ardatzetako bat. Egitasmo horren bidez, parte-hartzaileek indartu egiten dute beren gorputzaren gaineko beregaintasuna, indarkeriazko egoerak identifikatzen eta azaltzen ikasten dute eta mugak ezartzeko, «ez» esateko eta beren ingurunean nahiko normalizaturik dauden jokabide matxistak ezbaian jartzeko tresnak bereganatzen dituzte.
Haurrak babesteak, era berean, pertsona helduak eta erakundeak ekiteko prest egotea eskatzen du. Horregatik, proiektuak lurraldeko profesionalekin egiten du lan, haiei eskubide-urraketak identifikatzen eta erantzuteko beren gaitasunak indartzen laguntzen die eta Kolonbiako gatazka armatuan haurrak eta nerabeak errekrutatzeari eta erabiltzeari buruzko dinamiken gaineko ezagutza sortzea bultzatzen du.
Haurren Munduko Egun honetan, gogoratu nahi dugu haur bakar batek ere ez lukeela beldurrez hazi behar, beren eskubideei uko egin behar edo beren etorkizuna indarkeriarengatik baldintzaturik ikusi behar. Haurrak babesteak esan nahi du haien ahotsak entzutea, haiei espazio seguruak eskaintzea eta aske hazi daitezen, ikasi dezaten eta erabakiak hartu ditzaten bermatzea.
Haurrek eskubidea dutelako beren oraina bizitzeko eta beren etorkizuna bakean eraikitzeko. Eta hori bermatzea gizarte osoaren erantzukizun bat da.