8M

Neskek ahotsa altxatzen dute Tillaberin. Babesa eta ahalduntzea sustatzen dituen foroa.

Emakumeen Eskubideen Nazioarteko Eguna zela eta, Save the Childrenek emakumeen eta nesken eskubideak babesteko eta sustatzeko foro bat antolatu zuen Tillaberi hirian, Nigerren. Topaketa Emakumeak, Ekintza eta Garapena (FAD) tokiko erakundearekin eta Genero Indarkeriari Arreta Integrala emateko Zentroarekin batera egin da, eta Hondiyaye Jinda proiektuaren parte da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA) laguntzarekin. Proiektu hau, gaur egun, eskualdeko 256 neska eta neraberekin ari da lanean, krisi humanitarioak eta indarkeria mota ezberdinek eragindako zonaldea.


Forora 172 pertsona joan ziren, horien artean tokiko agintariak, ordezkari judizialak, Estatuko zerbitzu teknikoak, gazte-elkarteak, komunitateko emakume liderrak eta proiektuaren onuradun izan ziren zenbait neska. Jardunaldian zehar, parte-hartzaileek zuzenean helarazi ahal izan zizkieten agintariei beren kezkak eta eskaerak; besteak beste, emakumeen eta neskatoen babesa indartzeko eta haien ahalduntzea sustatzen duten ekimenak babesteko beharra nabarmendu zuten.

8M

Ekitaldian zehar hainbat panel tematiko garatu ziren. Lehenengoak, Arreta Integraleko Zentroko zuzendariak, Emakumearen Nazioarteko Egunaren historia eta lan-arloan nahiz gizarte-bizitzan oraindik ere dauden desberdintasunak jorratu zituen. Tillaberiko Auzitegi Nagusiko lehendakariordea bigarren panelaren buru izan zen, emakumeen eta nesken eskubideak babesten dituzten esparru legalak (nazionalak eta nazioartekoak) eta eskubide horiek benetan aplikatzea zailtzen duten oztopoak ardatz hartuta. Hirugarren panelean neskek aurre egin beharreko kalteberatasunak aztertu ziren, hala nola pobrezia, diskriminazioa edo indarkeria, baita horiek babesteko dauden baliabideak ere, gizarte-zerbitzuetatik eta segurtasun-kidegoetatik hasi eta zentro espezializatuetaraino.

Proiektuaren espazio seguruetan parte hartzen duten neska gazteen esku-hartzea izan zen unerik esanguratsuenetako bat. Beren eskubideen ezagutzari, ugalketa-osasunaren kudeaketari, bikoteen arteko laguntzari eta indarkeria edo abusu kasuetan erabili beharreko zerbitzuen identifikazioari lotutako ikaskuntzak partekatu zituzten. Haien testigantzek jarduera horien eragin eraldatzailea agerian utzi zuten, eta beren komunitateetan aldaketarako eragile bihurtzeko deia egin zieten bertaratu zirenei.


Foroari esker ona adierazteko mezu batekin eta sentsibilizazioa eta babes-zerbitzuetarako sarbidea zabaltzen jarraitzeko konpromisoarekin amaitu zen. Jarraipenaren zati gisa, parte hartzen duten neskek beren inguruko beste gazte batzuei transmitituko dizkiete eskuratutako ezagutzak, eta ingurune seguruagoa, informatuagoa eta parte-hartzaileagoa sendotzen lagunduko diete Tillaberiko neskei.