Kudra - west Darfur - Gobierno Vasco

Ura, gaixotasunei eta indarkeriari aurrea hartzeko

Kubraren historia Mendebaldeko Darfurren

Darfurko 2003ko krisian, Kubra artean neskatoa zela, gudu gogorrak izan ziren bere jaioterrian. Familia osoa, zituen lurrak eta ondasunak utzi, eta lekualdatutako pertsonen eremu batera joan zen ihesi, Kreinik udalerrira (Mendebaldeko Darfur). Oso bizimodu gogorra zuten kanpamenduan, batik bat Kubra pubertarora iritsi bezain pronto ezkonarazi zutelako: 

Eremu horretan hazi nintzen, eta oso gaztea nintzen ezkondu nintzenean. Zortzi ume ditut orain, zazpi seme eta alaba bat, eta 25 urte baino ez ditut. Oso zaila da nire seme-alabak eremuan haztea. Goserik ez dutela izango ziurtatzea eta gaixotasun eta infekzioei aurre egitea, hala nola malariari edo beherakoei. Dena den, hauxe da nire etxe bakarra, ez dut besterik ezagutzen. 
 

Kubra, 25 urte.

Zenbait hamarkadatan inguruan hainbat gatazka bizi izan eta askotxotan lekualdatu ondoren, 13.000 pertsona bizi dira kanpamenduan gaur egun. Oinarri-oinarrizko baliabideak oso urriak dira, ura, esaterako.

Hauxe azaldu digu Kubrak:  "Ur-ponpa apurtu egin zen iazko urtean kanpamenduan, eta 20 bat minutu egin behar izaten genituen oinez beste bailara batera iristeko. Denboraldi horretan, bakarrik uzten nituen nire haurrak etxean, eta kezka handia eragiten zidan horrek. Udazkenean, are urrutirago joan behar izaten nuen, Wadia (ur-lasterra) urak hartzen zuelako, eta bailarako ur-ponparako bidea oztopatzen zigulako horrek. Denbora asko behar nuen etxera itzultzeko". 

Lapurreta armatuak oso ohikoak dira kanpamenduko merkatuan, eta seme-alabak tiroketaren batek harrapatuko dituen beldurrez egoten da Kubra. Iraganean, zenbait haur ere bahitu izan dituzte. Gainera, errepide handi bat pasatzen da ondotik, eta auto batek harrapa ditzake. Kanpamendutik oinez irtetea ere arriskutsua da emakumeentzat. Oso eremu ezegonkorra da oraindik, eta lapurreta armatuak eta genero-indarkeriarekin lotutako gertakariak, bortxaketak barne, maiz izaten dira inguru horretan.

Emakumeek bizi izan ohi dituzten arriskuak murrizteko eta haurren eta emakumeen osasuna hobetzeko xedez, Save the Childrenek garatutako proiektu bat finantzatu zuen Eusko Jaurlaritzak, Mendebaldeko Darfurko ur-azpiegiturak birgaitzeko. Horri esker, ur-puntua abian jarri zen berriro 2022an, eta lasaitu ederra hartu zuten Kubrak eta auzokideek:

Kudra - west Darfur - Gobierno Vasco

Zorionez, ur-depositua ondo dabil orain, lau tutu berrirekin. Ez ditut berriro seme-alabak bakarrik utzi beharko, edateko edo janaria prestatzeko ur bila joateko. Ur-hornidura berriari esker, gainera, eremuaren barnean lurra landu nezake, eta seme-alabengandik gertu egon naiteke. Lehen, beste pertsona batzuentzat lan egiten nuen batzuetan eremutik kanpo, eta arriskutsua da hori .

Kubra, 25 urte.

Kubra eta haren familiako kideak nekazariak dira, eta beren elikagaiak ekoizten zituzten lehen. Halaxe egiten dute oraindik ere, lurra lantzeko sasoian nahiko hazi lortzen dutenean. Gainera, beste nekazari batzuen lurrak zaintzen ditu, eta egur-ikatza saltzen du merkatuan, hilabete amaierara iristeko. Bizimodu zaila du Kubrak orain ere; baina, hala ere, ur-iturri berriak arindu egin du haren eta beste emakume eta haur batzuen lan-karga. 

Sei hilabeteren buruan, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Save the Childrenek gauzatutako proiektu horrek babesa eman die 10.000 laguni baino gehiagori, ur-iturri hobeen bidez, eta, hainbat jarduera ahalbidetu ditu horrek guztiak, hala  nola ur-iturrien analisiak egitea eta iturri horietako uren kalitatea hobetzea, higiene-neurriak sustatzea, larrialdi-egoera horretarako komunak egitea generoa kontuan hartuta eta eskuak garbitzeko instalazioak ere prestatuz, zaborrak biltzeko tresnez hornituz, etab.