Adingabeei egindako sexu-abusuak: Euskadiko epaien % 61ek bi urte baino gehiago behar dituzte ebazteko

  • Txostenak 88 epai aztertzen ditu 2019tik 2024ra, eta biktimen % 92,6 neskak dira, gehienak 15 urtetik beherakoak.
  • Save the Childrenek haurren aurkako indarkerian espezializatutako justizia lurralde osoan zabaltzea eskatzen du: Estatuan hiru atal bakarrik sortzea ez da nahikoa haurrei eta nerabeei eragiten dieten indarkeria-mota guztiei erantzun egokia emango zaiela bermatzeko
     

 

Bilbo, 2025ko irailaren 25. Euskadin sexu-abusuak jasan dituzten haur eta nerabeek prozesu judizial luzeegiei aurre egiten jarraitzen dute, eta prozesu horiek jasandako gertakarien mina azaltzen dute berriz ere. Hala islatzen du Save the Childrenen "Haurtzaroaren mailako justiziaren alde" txosten berriak.

Ikerketaren arabera, Euskadin biktima gehienak neskak dira: aztertutako 108 adingabeen % 92,6 neskak ziren. Haurtzaro gazteena da kaltetuena; izan ere, biktimen % 88k 15 urte baino gutxiago zituen abusuak gertatu zirenean. 2019tik adingabeen aurkako sexu-abusuaren arloan erregistratutako epai guztietan, gizon bat zegoen akusatuta. 2019an, adibidez, akusatuak begiraleak, hezitzaileak edo zuzeneko senideak izan ziren batez ere, eta 2023an, berriz, biktimen amen bikotekideak ziren nagusi. Azken kasuetan, akusatu gehienak ezezagunak ziren adingabeentzat.
 

 


Prozesu judizialen iraupena Euskadiko faktore kezkagarrienetako bat da. Prozeduren % 19,5 baino ez zen ebatzi bi urte baino gutxiagoan, eta % 61ek epe hori baino gehiago behar izan zuen epaia emateko. Atzerapen horren ondorioz, ziurgabetasuna luzatzeaz gain, haurrek hainbat aldiz berpiztu behar dituzte gertakariak instrukzioan eta epaiketan, eta horrek inpaktu psikologiko larria eragiten du. Aldez aurretik eratutako froga (adingabearen lekukotza grabatzea epaiketan errepikatu behar ez izateko) ia ez zen aplikatu prozedura batzuetan, nahiz eta derrigorrezkoa izan 14 urtetik beherakoentzat. Erabili zenean, 2024an aztertutako lau kasuetatik hirutan bezala, epai guztiak kondenatzaileak izan ziren, eta horrek erakusten du eraginkorrak direla bai biktimen babesean, bai prozesuen sendotasunean. 


Emaitza judizialei dagokienez, 2019tik 2024ra 75 kondena eman ziren Euskadin, eta 13 absoluzio, hau da, kondenen % 85. Absoluzioetako asko frogarik ezak eragin zituen, bereziki aldez aurretik eratutako froga onartu ez zen kasuetan. Datu horiek agerian uzten dute beharrezkoa dela prozesu judizialean haurrak babesteko mekanismoak indartzea, kasuak ez daitezen artxibatu froga nahikorik ez dagoelako, nahiz eta sexu-indarkeriaren zantzu sendoak egon.


Euskadiko egoerak Estatu osoan gertatzen dena islatzen du. Espainian, txostenak erakusten du adingabeei egindako sexu-abusuengatiko prozesuen % 40,9 hiru urte baino gehiago luzatu dela, eta % 12,1ean bost urte baino gehiago ere izan direla. Abusuak egiten hasteko batez besteko adina 12 urtekoa da, eta kasuen % 82,9an biktimak haurrak edo nerabeak dira. Erasotzaileen % 98 gizonak dira, eta 10 kasutik 8 biktimaren konfiantzazko ingurunekoak dira, kasu askotan zuzeneko senideak edo pertsona ezagunak.

Egoera horren aurrean, Save the Childrenek premiazko neurriak eskatzen ditu haurren interes gorena sistema judizialaren erdigunean jartzeko. Erakundeak azpimarratu du beharrezkoa dela Euskadik modu eraginkorrean martxan jartzea Barnahus eredua (haurren etxea), Haur eta Nerabeei buruzko 02/2024 Euskal Legean jasotakoa. Eredu hori Katalunian ezarrita dago jada, eta aukera ematen du biktimei ingurune lagunkoian eta profesional espezializatuek koordinatuta arreta emateko, birbiktimizazioa murriztuz eta prozesuak arinduz. Tarragonako proiektu pilotuaren emaitzek erakutsi dute Barnahusekin prozeduren iraupena ia hiru urtetik bat baino apur bat gehiagora murrizten dela, kondenen tasa handitzen dela eta biktimen esperientzia nabarmen hobetzen dela.


"Prozesu luze horiek nabarmen zailtzen dute biktima diren haurren errekuperazioa. Justizia espezializatuko sistemak ezartzeak denbora horiek murrizten lagunduko luke, prozedurak arinduz eta adierazpen anitzen beharra mugatuz ", dio Catalina Perazzok, Save the Childreneko Eragin eta Lurralde Garapeneko zuzendariak. 


Erakundeak gogorarazten du haurren aurkako sexu-indarkeria dela indarkeria-modu larrienetako bat, eta adingabeen beharretara egokitutako justiziarik gabe, babesa ez dela nahikoa. Sexu-indarkeriaren biktima diren haurrak babestu, lagundu eta konponduko dituen justiziaren aldeko aldaketaren buru izateko aukera du orain Euskadik.

 

Euskadiko Save the Children buruz

Save the Children da mundu osoan haurren eskubideak dituen erakunde independente liderra. 100 urte baino gehiago daramatza lanean haur guztiek bizirk jarrai dezaten, ikas dezaten eta babesturik egon daitezen. Egun, erakundea 113 herrialdetan ari da lanea, tartean Euskadin duela 20 urtetik, eta arlo politikoan eta sozialen eragiteko jarduera mardula burutzen du hezkuntzan eta aisialdiko jardueretan laguntza emanez Bizkaian eta Araban pobreziaren edo gizarte bazterkeriako arriskuan diren 500 haur bainho gehiagori.