A18: Save the Childrenek haurren kontrako indarkeria sexualaren magnitudeaz ohartarazi du eta justizia azkarrago eta espezializatuago bat galdegin du

•    Euskadin haurren eta 18 urterainoko nerabeen bostetik batek indarkeria sexuala jasan izan dezake bere bizitzan, nazioarteko prebalentziako azterlanek dioten arabera. 
•    Save the Childrenek indarkeria sexual digitalaren gorakadaz ohartarazi du, horietako biktimen %78a adin txikikoak direla. 
•    Auzibideak luzeegiak izaten jarraitzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoko abusu sexualengatiko epaien %61ek bi urte baino gehiago behar izaten ditu ebazteko. 
 

Bilbo, 2025eko azaroaren 18a. Sexu-esplotazioa, -abusuak eta -indarkeria Prebenitzeko Munduko Egunean, haurrenganako indarkeria sexuala Euskadin errealitate bat izaten jarraitzen duela gogoratu du Save the Children erakundeak, eta inpaktu suntsitzailea izan dezaketela haur eta nerabeen bizitzetan. Erakundeak esparru digitaleko indarkeria sexualaren gorakada handiaz ere ohartarazi du, eta haurrek eta nerabeek babes eraginkorrik jaso gabe jarraitzen dutela eta sistema ez dela oraindik erantzuten ari haien osatzeak eskatzen duen azkartasunarekin eta baliabide espezializatuekin.


Barne Ministerioaren azken datuek azaltzen dute 2024an haurren eta nerabeenganako askatasun sexualaren kontrako 9.393 delitu jazo zirela Espainian. Euskadin 448 kasu kontatu ziren 2024an. Datuek 14 eta 17 urte bitarteko biktimen prebalentzia handia erakusten dute, horiek eratzen baitute kasuen %53a, eta emakumezkoen biktimizazioa %87raino heltzen da. 0 eta 13 urte bitarteko haur eta nerabeen kontrako askatasun sexualen delituen kasuak, berriz, guztizkoaren %47 inguru izan ziren, eta neskak izan ziren biktimak horien %78 baino gehiagotan.


“Zifra horiek icebergaren muturra besterik ez dira, ordea. Dimentsio eta helmen zeharo onartezineko arazo baten aurrean gaude. Haurrenganako indarkeria sexualak errealitate ezkutu eta normalizatua izaten jarraitzen du, eta premiazko erantzun koordinatu bat eskatzen du”, dio Charo Arranzek, Euskadiko Save the Childreneko zuzendariak.
Erakundeak gogoratu du indarkeria sexuala dela neska-mutil batek jasan dezakeen indarkeria erarik larrienetakoa, eta haien ongizate fisiko, psikologiko eta sozialari eragiten diola. Biktimek antsietatea, depresioa, autolesioak, isolamendua eta ikasteko eta harremanetarako zailtasunak gara ditzakete, bere buruarekiko konfiantza eta segurtasuna luzarorako galtzeaz gain. Save the Childrenek aditzera eman duenez, auzibide luzeek eta arreta-zirkuitu zatikatuek oraindik gehiago areagotzen dute trauma, eta biktimen osatzea zailtzen dute.


Indarkeria sexual digitala, arrisku geroz handiago eta ikusezinagoa
Save the Childrenek azpimarratu du haurrak eta nerabeak Interneten ere garatzen direla, eta beraz, ingurune horretan ere bermatu behar dela haiekiko babesa. 


Sexu-esplotazioa eta -abusuak era asaldagarrian hazi dira Interneten: adin txikikoa zen indarkeria sexual digitalaren biktimen %78,82a 2023an, eta Save the Childrenen “Haurren pare egingo den justizia baten alde” txosteneko inkestan galdetu zitzaien ia gazte guztiek (%97a) adierazi zuten indarkeria sexual digital eraren bat bizi izan zutela nerabezaroan. 2024an, Ertzaintzak haurren kontrako delitu informatikoen 295 salaketa erregistratu zituen (2023an baino 4,4 bider gehiago), eta horietatik 52 askatasun sexualaren kontrako delituak ziren.


Indarkeria sexual digitalak groominga, sextortsioa, eduki intimoak baimenik gabe zabaltzea eta adimen artifiziala haur eta nerabeen irudi faltsuak sortzeko erabiltzea bezalako jardunbideak biltzen ditu. Horiek guztiek aztarna emozional sakona uzten dute, eta sareko biraltasunak eta iraunkortasunak areagotu besterik ez dute egiten. Indarkeria mota horiek elkar lotuta dira ingurune digitalean. Save the Childrenen “Harrapatu egiten dute sareak” izeneko txosteneko inkestaren arabera, 5 gaztetatik batek adierazi du haren irudiak sortu edo manipulatu izan zituela norbaitek AA bidez euren baimenik gabe adin txikikoak zirenean. 


Auzibide geldoak eta birbiktimizazioa
Abusu sexualen biktima izan diren haurrak justizia-sistema geldo eta egokitu gabekoari aurre egin beharrean dira:  Euskadin aztertutako epaien %61ek bi urte baino gehiago behar izan zuen ebazteko, eta prozesuak beren kontakizuna hainbat alditan berriro bizitzera behartzen ditu adingabeak. Prozesuen moteltasun horrek eta haurtzaroan espezializatutako prestakuntza baten faltak bigarren mailako biktimizazioa bultzatzen du, biktimen osatzea zailtzen du eta ahuldu egiten du, halaber, zigorren eraginkortasuna.


Zifra horiek agerian uzten dute sistema judiziala egokitzeko dagoen premia larria, indarkeria sexualaren biktima izan diren haurrek erantzun azkar, espezializatu eta babesgarri bat jaso dezaten. 


“Indarkeria sexuala Euskadiko haur eta nerabe askoren bizitza zeharkatzen duen errealitate bat izaten jarraitzen du. Biktimak, gainera, auzibide nahasi eta luze batzuei aurre egin beharrean izaten dira, berek jasandakoa berriro bizitzera behartzen dituztenak eta sufrimendu gehigarria sortzen dietenak. Ezin dugu onartu haurrek ordaindu behar izatea nahiko babesik ez izatearen eta auzibideak berandu heltzearen prezioa”, dio Arranzek. 


Prebentzioa, prestakuntza eta justizia espezializatua 
Save the Childrenen urteak daramatzagu haurren eta nerabeen kontrako indarkerian espezializatuta egongo den justizia bat bultzatzen eta gomendatzen. Espezializazio horrek arreta egoki eta eraginkorra, haurren eta nerabeen eskubideak ardatz izango dituena, izan behar du helburu, estatu mailan HNIBLOn (Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren Aurrean Erabat Babesteko Lege Organikoa) eta erkidego mailan Haurren eta Nerabeen 2/2024 Legean (HNL) jasotzen diren aginduei eta eskubideei jarraituz.


Erakundeak aitortu du aurrerapenak ekarri dituela HNLk, baina haurrenganako indarkeria sexualaren kontrako babes nahikorik egon gabe jarraitzen dela, eta urratsak ematen jarraitu behar dela. 

Lehentasuneko neurrien artean, Save the Childrenek profesionalen prebentzio eta formakuntza arloan eta justizia espezializatuko organoak sortzeko lan egiteko dei egin dio euskal erakundeei:

  • Adin goiztiarretik heziketa afektibo-sexuala ematea hezkuntza, familia eta osasun esparruetan, haurren eta nerabeen indarkeria sexualaren kontrako prebentzioan funtsezko tresna gisara.
  • Haur eta nerabeekin kontaktua duten esparruetako profesionalentzako prestakuntza derrigorrezko eta etengabea bermatzea haurrenganako indarkeria sexualaren gaian.
  • Herritarrak, familiak eta haurrekin zerikusia duten inguruneak haurrenganako indarkeria sexualari eta hori ezkutatzeko dinamikei buruz sentsibilizatzea.
  • Euskadin Barnahus eredua inplementatzea, horretarako behar diren giza baliabideak zein baliabide materialak barne.
  • Haurrenganako indarkerian espezializatutako epaitegiak sortzea, auzibideek haurren eta nerabeen errealitateari erantzun diezaioten.

Barnahus: eraginkortasuna erakutsi duen eredua
Katalunian dagoeneko ezarritako dagoen eredu horrek eraginkortasun eztabaidaezina azaltzen du. 2024an bakarrik, Kataluniako Barnahus zentroek haurrenganako indarkeria sexualaren 3.000 kasu inguru artatu zituzten. Tarragonako proiektu pilotuaren emaitzek azaldu dute eredu horrek murriztu egiten duela auzibideen iraupena, ia hiru urtetik urtebete baino apur bat gehixeagoraino pasatuz, zigorrak igo egin direla (%65,9tik %84,5era) eta hobetu egin duela biktimen esperientzia, gutxiagotan eman behar dutelako beren lekukotasuna. Euskadin, Haurren eta Nerabeen 2/2024 Legeak eredu hori hartzen du erreferentziatzat abusu sexualen biktima izan diren haur eta nerabeenganako arretarako baliabideentzako, horiei arreta integral eta koordinatu bat eskaintze aldera, non jasoko baitira biktimak hartzeko, laguntzeko, babesteko eta osatzeko neurri guztiak. Premiazkoa da eredu hori ezartzea, ikusirik delitu horien arazoaren magnitudea gizarte, osasun, hezkuntza, justizia eta segurtasun esparruetan.  


Ereduaren baliagarritasuna haren hamar kalitate-estandarretan datza, sortzera bultzatu zuen zerizana eta helburuen prebalentzia ziurtatzen dutenak. Xede hau dute: haurraren interes gorena jartzea esku-hartzearen erdigunean, diziplina anitzeko eta sail arteko arau-esparru formal batetik lan egitea, haur guztiak zentroaren balizko erabiltzailetzat hartzea, haurrei eta nerabeei ingurune adeitsu bat eskaintzea, kasuaren kudeaketa holistikoa nola sail artekoa, elkarrizketa forentsea ebidentzian oinarritutako elkarrizketen protokoloak erabiliz, azterketa medikoa dauden gomendioei jarraituz egitea, haurrarentzako eta haren familiarentzako zerbitzu terapeutikoak, profesionalen etengabeko prestakuntza eta gaitasunen garapena, eta prebentzioa: informazioa partekatzea, sentsibilizatzea eta kanpoko gaitasunak eraikitzea. 


Ezarritako estandarrek Barnahus eredua egiten du haurrenganako indarkeria sexualari aurre egiteko konponbiderik egokiena. Islandiar ereduan oinarritutako paradigma aldaketa horren gakoa esku-hartzen duten profesional guztien prestakuntza espezializatuan eta iraunkorrean datza.