Hazkuntzaren kostua 899 euroraino heldu da seme-alabako Euskadin, eta 5 etxetatik batek ezin dio horri aurre egin

  • Save the Childrenek ohartarazten haur eta nerabeak dituzten 35.533 etxek ez dutela nahiko diru-sarrerarik hazkuntzaren kostuari aurre egiteko, ezta beren errenta osoa horretara zuzenduta ere.
  • Hileko batez besteko kostua %39 hazi da 2018tik hona, 899 euroraino heltzeraino, eta nerabezaroan 1.014 euroraino heltzen da.
  • Erakundeak familientzako laguntzak indartzea eta Euskadin hazkuntzarako hileko prestazio unibertsala 17 urtera arte luzatzea eskatzen du.
  • Pobreziak haurren eta nerabeen aurpegia du: Euskadiko hiru haur edo nerabetatik ia heren bat pobrezia edo gizarte-bazterkeria arriskuan bizi da, 5 pertsona heldutik bat baino gutxiagoren aldean.

Txostena: Hazkuntzak 2026an Euskadin duen kostua
Bilbo, 2026ko azaroaren 17. Euskadin seme-alaba bat haztea hilean 899 euro kostatzen da batez beste, Save the Childrenek egindako Hazkuntzaren kostua Euskadin 2026an txostenaren arabera. Azterlanak haur eta nerabeak hazteak dakartzan gastuak aztertzen ditu, eta baita horiek etxetako ekonomian duten inpaktua ere.

Dena dela, ahalegin hori ez da berdina familia guztientzat. Euren kargura seme-alabak dituzten Euskadiko etxeen %17rentzat, dituzten diru-sarrerak ez dira nahikoak hazkuntzaren kostuari aurre egiteko, ezta diru-sarrera guztiak horra zuzenduta ere. Horrek 27.000 euro baino diru-sarrera baxuagoak dituzten 35.533 etxeri eragiten die. Proportzioak ehuneko hiru puntu gora egin du 2024tik, %14 baitzen orduan.

Gainera, hamar familiatik hiruk eskuragarri duten beren errentaren erdia baino gehiago hazkuntzarekin lotutako gastuetara zuzendu beharra du. Egoera bereziki zaila da errenta baxuko eta ertain-baxuko etxetan: diru-sarreretan hirugarren eta laugarren dezileko familiek beren errentaren %46tik %65era bitartean zuzendu beharra dute hazkuntzara.

“Haurrak haztearen kostua ezin da bihurtu familiak txirotzeko faktore batean eta ezin ditu mugatu haurrek eta nerabeek dituzten ahalbideak. Datuek diote familia askok ez duela baliabide nahikorik beren beharrak estaltzeko, eta, are, diru-sarrerak dituztenen ahalegin ekonomikoa handiegia izan daitekeela. Politika publikoak indartu beharrak daude familia guztiak beren seme-alabei berdintasuneko aukera errealetan oinarrituta bizi-baldintza egokiak eskaintzeko moduan egon daitezen”, azaldu du Irati Alvarezek, Save the Childrenen Euskadiko Eragin Politikorako arduradun denak.

Etxebizitzak eta elikadurak eratzen dute hazkuntzaren kostuaren ia erdia
Etxebizitzaren eta elikaduraren gastuek eratzen dute Euskadin seme-alaba bat hazteko hileko batez besteko kostuaren %45a. 2024tik gehien igo diren partiden artean, ezohiko gastuak (%11,9) eta etxebizitza (%11,4) nabarmentzen dira.

Elikadurak, batez beste, 227 euroko kostua du hilean seme-alabako, eta etxebizitzaren gastua, berriz, 177 euroraino heltzen da. Horiei etxeko ohiko gastuen beste 53 euro gehitu behar zaizkie. Kalkuluaren edizio guztiei erreparatzen badiegu, 2018tik igo eta igo joan da hazkuntzari lotutako etxebizitzaren kostua, eta %132 igo da. 

Aldiz, kontziliazioaren partida %6 jaitsi da 2024tik. Jaitsiera hori baliteke lotuta egotea doako haurreskolen eskaintza 0 urtetik 3 urteraino ezarri izanarekin. Garraioko gastua ere jaitsi egin da, hilean 15 euro izatetik 6 euro izatera igaro da, hein batean garraio publikoan haur eta nerabeentzako ezarri izan diren hobari eta doakotasunagatik.

Nerabezaroa da kosturik handiena duen etapa
Hazkuntzaren kostua igo egiten da adinean aurrera egin ahala, eta nerabezaroan jotzen du goia: hilean 1.014 euro 13 urtetik 17 urtera bitartean. Etapa horretan, elikadura 305 euro da hilean (guztizkoaren %30a), eta ezohiko gastuak 172 euroraino heltzen dira.
7 eta 12 urte bitartean, berriz, kostua 942 euro da hilean, elikadura izanez partida nagusia (248 euro). 4 urtetik 6 urtera bitarteko adin-tartean 802 eurora heltzen da, eta 0 eta 3 urte bitartekoan 647 eurora. Lehen etapa horretan, etxebizitza da gasturik handiena (177 euro), gero kontziliazioa (115 euro), eta ondoren arropa eta oinetakoak (90 euro).

Haur-pobreziak etenik ez duen errealitate bat izaten jarraitzen du Euskadin
Txostenak, halaber, haurrak eta nerabeak dituzten etxeen zaurgarritasun ekonomiko bereziaz ohartarazten du. 2024an, Euskadiko haur eta nerabeen %30,7 pobrezia edo bazterkeria arriskuan zegoen, helduen %18,7ren aldean. Helduen mailak berdin jarraitzen duten bitartean, haurrena eta nerabeena 6 puntu igo da 2022koaren aldean. Horrek esan nahi du 348.825 haur eta nerabe daudela egoera horretan.

Pobrezia-tasa erreala ere handiagoa da 18 urtetik beherakoen etxetan: %10,6ra heltzen da, haurrik edo neraberik ez duten etxeen %3,5en aldean.

Zaurgarritasun horrek, batik bat, ama bakarreko familiei eragiten die. Guraso bakarreko hamar etxetatik bederatzitan emakumea da familiako buru, eta 2024n horietan bizi zen %52,1 pobrezia edo gizarte-bazterkeriako arriskuan zegoen.

Save the Childrenek hazkuntzan laguntzeko politika publikoak indartzea eskatzen du
Save the Childrenek haurtzaroko inbertsio publikoa handitzea eta hazkuntzaren benetako kostura egokitzeko laguntza ekonomikoak hobetzea eskatzen du. Bere proposamenen artean, diru-sarrerak bermatzeko sistema integratu baterantz urratsak ematea planteatzen du, DSBEren eta BGDSren arteko koordinazioa hobetzeko, izapideak sinplifikatzeko eta prestazioetarako aukera errazteko.
Eta baita Seme-alaben Hazkuntzarako Laguntza Osagarriaren (SAHLO) zenbatekoak eguneratzea eta seme-alabak dituzten familientzat Euskadin ematen den hileko laguntza unibertsala 17 urteraino luzatzea ere. Era horretan, laguntza ekonomikoak kontuan hartuko lituzke hazkuntzaren etapa guztietako gastuak, nerabezaroan heltzen direlarik beren gorenera.

Horrez gainera, txostenak proposatzen du etxebizitza egoki eta eskuragarri baterako sarbidea erraztea, baita haurrak zaindu eta hezteko prezio eskuragarriko zerbitzu batzuetara ere. Proposatzen dituen neurrien artean daude, halaber, kreditu fiskal itzulgarriak, diru-sarrera gutxien dituzten familiak laguntzez balia daitezen kenkariak aplikatzeko beharrezkoa den gutxieneko zerga-kuotarik izan ez arren.

Neurri horiekin, Save the Childrenek haurren pobrezia gutxitzea eta hazkuntzaren kostua familien pobretze-faktore bat ez izatea bilatzen du.

Informazio gehiago
Hau da Save the Childrenek egindako Hazkuntzaren kostua txostenaren laugarren edizioa. Aurrenekoa 2018an argitaratu zen, haurrak zituzten etxeei gogor eragin zien atzeraldi luze baten ondoren. Erakundeak 2022an argitaratu zuen bigarren edizioa, pandemiaren ondoren eta, batez ere, elikadura eta energia produktuei eragin zien prezioen krisialdi baten hasierarekin bat. 2024an beste eguneratze bat egin zen, eta 2026ko edizio honetako analisiak, berriz, aldaketa metodologikoak txertatzen ditu hezkuntza eta elikadura partidetan, familien errealitatea hobeto islatze aldera eta 2024koarekin alderaketa homogeneo bat ahalbidetzearren.