Beldurrik gabe haztea merezi duen haurtzaroa: Marianaren istorioa
Mariana 2026ko hasieran iritsi zen Araucara bere bi anaiarekin eta aitarekin batera familia-errealitate berri batera moldatzeko asmoz. Aitaren aldeko amonaren eta beste senide batzuen etxean jarri zen, pentsatu gabe etapa berri horretan neska bakar batek ere bizi behar ez lituzkeen egoerak biziko zituela. Zailtasun ekonomikoei familia-dinamika konplexu bat batzen zitzaien, baita haren adinerako gehiegizkoak ziren erantzukizunak ere.
Marianak aitarengan ezagutzen zuen zaintza- eta babes-irudia eraldatzen hasi zen. Alkoholaren eta beste substantzia psikoaktibo batzuen kontsumoak haren jarduteko moduari eragin zion, eta neskak kontaktu fisiko desegokiko egoerak bizi izan zituen behin baino gehiagotan, beldurra eta nahasketa ekarri zizkionak. Bizitzen ari zena amonari eta beste senide batzuei azaltzen saiatu zen, baino ikusi zuen ez ziotela entzuten eta ez zuela jasotzen behar zuen erantzunik. Beldurra eta nola konpondu ez zekizkien galderak bere baitarako gordetzen zituen bitartean, etxeko erantzukizunen zama zuen bere gain, otorduak prestatzea, arropa garbitzea, etxeko lanak egitea eta anai gazteak zaintzea, esate baterako, eskolako bere eginkizunak betetzeaz gain.
Alabaina, beldurra handia bazen ere, Marianak bere isiltasuna hausteko aukera bat aurkitu zuen. Egun batean, Save the Childrenek eta Corocoras Fundazioak Garapenaren Lankidetzarako Euskal Agentziaren laguntzarekin bultzatzen duten Haurtzaro Segurua Araucan proiektuaren barruan garatzen den jarduera batean hartu zuen parte. Jarduera horretan, gorputza babesteari, deserosotasunak sortzen diren egoerak aitortzeari eta zerbait ondo ez dagoenean heldu batengana zuzentzeak duen garrantziari buruz jardun zuten. Han entzun zituen hitzei esker, ikusi zuen bizitzen ari zenak arreta merezi zuela eta entzuna eta babestua izateko eskubidea zuela. Espazio horretan, erakundeko langile humanitarioetako batekin bere egoera partekatzeko adorea izan zuen Marianak, eta langile horrek artatu eta erantzun egin zion Marianak azkenean norbaitek entzuna izateko zuen beharrari.
Biharamunean, Save the Childrenen kasuen kudeaketako profesional bat haren etxera joan zen egoerari aurre egiteko, haren beharrak ezagutzeko eta haren ongizate fisiko eta mentalera zuzendutako ekintzak sustatzeko. Marianak konfiantzazko espazio bat aurkitu zuen topaketa horretan, eta bere emozioak epaitua izan gabe adierazi ahal izan zituen. Beldur handia zuela, gauetan amesgaiztoak izaten zituela eta, ondorioz, ohean pixa egiten zuela partekatu zuen. Era berean, adierazi zuen ez zela seguru sentitzen bere etxean, bakardade handia sentitzen zuela eta maitasuna eta zaintza jaso ahalko zituen toki batean bizi nahi zuela.
Profesionalak Marianari bere emozioak ezagutzen eta maneiatzen lagundu zion beldurra sentitzen zuen uneei aurre egiteko arnasketa-ariketen eta estrategia soil batzuen bidez. Eta adingabeari eta haren amonari –haren zaintzapean zegoen– azaldu zizkien egoerari aurre egiteko eta beharrezko babes-neurriak aktibatzeko jarraituko ziren urratsak. Topaketa amaieran, Marianak esan zuen lasaiago sentitzen zela, ikusirik haren egoerari erantzuten ziotela eta prozesu hori bakarrik ez zuela igaro beharrik izango.
Gerora, kasuen gestoretzak ospitalera lagundu zien Marianari eta haren zaintzaileari, GIBrenganako arretaren esparruan osasuneko profesionalek haren balorazio bat egin zezaten. Horrekin batera, profesionalak ekintza batzuk prestatu zituen erakundeko gizarte-laneko taldearekin, zeina egoeraren jarraipenaz arduratu baitzen. Mediku-azterketen eta zegozkion jarduketen ondoren, haurrak babesteko arloak erabaki zuen bere familia-ingurunetik aldentzea eta babes-prozesu batean sartzea ICBF Familia Ongizatearen Kolonbiako Institutuaren erantzukizunpean, neskaren bizitza salbatze, haren osotasuna zaintze eta haren ongizatea bermatze aldera.
Marianak barren-barrenean behar zuen zerbait aurkitu zuen oraingo honetan: hari entzuteko, haren hitza seriotan hartzeko eta hura babesteko zerbait egiteko prest egongo ziren pertsonak. Marianak lehendabiziko aldiz sentitu ahal izan zuen bere beldur eta kezkei erantzuten zitzaiela eta haren ongizatea lehentasun bat zela.
Handik egun batzuetara, Haurtzaro Segurua Araucan proiektuko profesionalek egindako jarraipen-bisita baten harira, Marianak ikuspegi berri bat partekatu zuen bere eguneroko bizitzari buruz. Alai askorik adierazi zuen zoriontsu sentitzen zela bere ordezko etxe berrian, haren zaintzaileak maitasunez tratatzen zuela, eskolako lanetan laguntzen ziola eta arropa eta oinetako berriak erosi zizkiola. Prestatzen zizkioten otorduak ere gogotik kontatu zituen. Harentzat, ohikoak ziruditen xehetasunek esanahi berezi bat zuten. Marianarentzat, izan ere, arreta jasotzea, laguntza izatea eta abegi-giroan sentitzea zaintzaren eta babesaren bizipen berri eta zehatzak ziren, eta berriz ere neskatxa izan zitekeela sentitzen zuen.
Marianaren historiak gogorarazten digu neska inor ez litzatekeela izan behar isiltasuna gordetzearen eta beldurra sentitzearen artean aukeratu beharrean. Neska bati begirunez entzuten zaionean, haren ahotsa seriotan hartzen duten helduak aurkitzen dituenean eta erantzun egoki bat jasotzen duenean, indarkeriazko egoera bat haren eskubideak babesteko eta ongizate-bizipen berri batzuk eraikitzeko aukera batean eraldatzeko atea zabaltzen da. Egun, Marianak zaintza, maitasuna eta babesa beti behar zuketen tokian diren giro batean hazteko aukera du. Neska bakoitzak seguru, entzuna eta, batez ere, babestua senti daitekeen haurtzaro bat merezi duelako.