Azaroaren 20a, Haurren Nazioarteko Eguna: Save the Childrenen ustez, ez dira aski lehenesten haurren eskubideak pandemiaren aurkako borrokan

  • Save the Childrenek bere kezka adierazi nahi izan du Euskadin eskola-kirola debekatu berri duten honetan; haurren oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, haien ongizateari kalte egin diezaioke horrek.
  • Haurrak babestera zuzentzen diren politiketan inbertsio publiko handiagoa egiteko eskatu du erakundeak 

Bilbo, 2020ko azaroaren 18a. Datorren azaroaren 20an (ostirala) Haurren Nazioarteko Eguna dela eta, haurren eskubideetan jarri nahi izan du fokua erakundeak; zehazki, COVID-19aren pandemiak Haurren Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenean biltzen diren eskubideei nola eragiten dien aztertu nahi izan du. 
Erakundearen iritziz, haurren beharrak eta, adingabeen interes gorena oinarri hartuta, haiei dagokien lehentasuna ez dira aski bermatuta egon politika publikoetan, ez pandemiaren unean uneko ondorioei aurre egiterakoan eta ez epe luzera ere. 
Pandemiak osasunari eragiten dizkion kalteen aurkako borroka eta pandemiaren eragin sozioekonomikoak bereizezinak direla dio Save the Childrenek, eta lehendik gizartean baztertuta geratzeko arriskua zuten herritarrei eta, bereziki, haurrei lehentasun osoa eman behar zaiela. 

Euskadin izan duen inpaktua

18 urtetik beherako lau adingabetatik bat –92.177 haur eta nerabe– pobrezia jasateko arriskuan dago Euskadin: helduen pobrezia-tasatik zazpi puntu gorago daude, Bizi Baldintzei buruzko Inkestaren arabera (2019). Dena den, gogora ekarri du Save the Childrenek datu horiek ez dutela islatzen pandemia zer inpaktu izaten ari den familia zaurgarrienetan, eta, COVID-19aren erruz, haurren pobrezia areagotu egingo dela dio. Euskadin, premiazkoa da diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) lehenbailehen aldatzea, erreforma horren bidez babesa hobetzeko eta beren kargura seme-alabak dituzten familiei zenbateko handiagoak helarazteko, batez ere ama bakarren kasuan.

Save the Childrenek bere kezka agertu nahi izan Euskadin eskola-kirola debekatu duten honetan; zehazki, eskola-ordutegitik kanpo 6 urtetik 16ra bitarteko haur eta gazteei zuzentzen zaizkien kirol-jarduera guztiak debekatu dira. Haurren eta nerabeen oinarrizko zenbait eskubide murrizten ditu horrek, eta, beraz, kalte egin diezaioke haien ongizateari. Erakundearen ustez, behar-beharrezkoa da haurrek eta nerabeek aisialdiaz eta erabateko ongizateaz  gozatzeko duten eskubidea errespetatzea eta betearaztea arduradun publikoek (kontuan hartuta osasun fisikoa, mentala eta emozionala, elkarreragin soziala, etab.). Hori guztia, koronabirusari aurre egiteko eta babesteko beharrezkoak diren osasun-neurriak urratu gabe, noski.

“Pandemiak osasunari eragiten dizkion kalteen aurkako borroka eta pandemiaren eragin sozioekonomikoak bereizezinak dira, eta lehendik gizartean baztertuak izateko arriskuan zeuden herritarrek eta, bereziki, haurrek lehentasun osoa izan behar dute.
 Prebentzioko neurri guztiek eta erantzun guztiek kontuan hartu behar dute beti haurraren interes gorena, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean xedatutakoa, alegia”, dio Charo Arranzek, Save the Childrenen Euskadiko zuzendariak.

Hezkuntzaren esparruko larrialdi handienetako baten aurrean gaudela abisu eman du Save the Childrenek. Ikaskuntzaren esparruko murrizketa horrek, eskolarekiko lotura faltak eta aurrera ere  jarraituko duen krisi ekonomikoak ondorio nabarmenak izan ditzakete: bidegabekeria areagotzea, porrot arriskua edota behar baino lehen uztea eskola; horrek arrastoa utz dezake ikaslearen hezkuntza-ibilbidean nahiz bizi-ibilbidean.

Haurren kontrako indarkeriari dagokionez, argi adierazi du Save the Childrenek koronabirusaren krisiak agerian utzi duela jada lehendik haur eta nerabeen babesaren esparruan ere huts egiten ari zena; areago, larriagotu egin ditu ondorioak. Erakundeak pobreziaren kontra abian dituen programen onuradunei egindako inkesta batean jaso denez, lau gurasoetatik bat bere senetik atera zen behin edo behin itxialdian.

Ildo beretik, haur migratzaileek azken hilabeteetan zailtasun ugariri aurre egin behar izan dietela ikusi du erakundeak: babes-sistemetara edo laguntza ekonomikoetara jotzeko oztopo administratiboak, edo harrera egiteko eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko baldintza kaskarrak, esaterako. Gainera, lehen olatuan babes-sistemek ez zutela aski baliabide ikusi zen: konexio falta, beharrezko azpiegiturarik ez, itzultzaileak falta, segurtasunezko urruntzea bermatzeko espaziorik ez…

Gatazkan diren herrialdeetan izaten ari den eragina

Pandemiaren aurkako borroka oso zaila ari da izaten egoera dramatikoan zeuden lekuetan, hala nola Sirian, Afganistanen, Yemenen edo Palestinan. Lehendik datozen gatazkek are gehiago zaildu dute haurrak babestea. Ahalik eta kalte eta ondorio txikienak izan ditzaten lanean jarraitzen du Save the Childrenek leku horietan, baina saihets zitezkeen beste gaixotasun batzuei ez zaiela kasurik egiten ari ikusten du: elgorriak, poliomielitisak, kolerak, pneumoniak, sukar horiak edota difteriak jota, milioika haur ari dira hiltzen. 

Txertatu gabeko adingabeen bi heren gatazkaren bat duten herrialdeetan bizi direla gogorarazi du Save the Childrenek, eta, testuinguru horietan, tratamendu medikoa eragozten duela indarkeriak. Hainbat herrialdetan, Sirian, esaterako, txertatze-tasek behea jo dutela dio erakundeak; herrialde horretan, adibidez, difteriaren, tetanosaren eta kukutxeztularen aurkako immunizazio mailak % 80tik gora zeuden gerra aurretik, eta % 47 jatsi ziren, duela bi urte jasotako datuek diotenez. Ukraina dugu beste adibide bat: txertatze-tasa % 80tik % 19ra jaitsi zen estatuan, lau urtean gerran ibili ostean.

Horrez gain, Save the Childrenek dio gerran dauden inguruetan bizi diren haurren egoera are gehiago larriagotu duela COVID-19ak, eta immunizazio-programak etenarazi dituela 60 herrialdetan baino gehiagotan. Horren ondorioz, saihestu zitezkeen gaixotasunak harrapatzeko arriskuan daude oraindik urtea bete gabeko 80 milioi haur baino gehiago, nahiz eta txertorik baden gaixotasun horien aurka. 2020. urte honetako txertaketei buruz eskuratu dituen lehen datuen aurrean, kezkatuta agertu da erakundea: zifrek diote martxotik abuztura 50 milioi haurri ez zitzaiela polioaren aurkako txertoa jarri.

Bestalde, haur horien babesgabetasuna handituko den beldur da Save the Children. Aurreikuspenen arabera, derrigortuta ezkonarazteko arriskuan egongo dira 2,5 milioi haur datozen bost urteotan. Eta, milioi bat nerabe haurdun geratuko dira pandemiaren eragin ekonomikoaren ondorioz 2020an. 130 milioi haur inguru ez ziren eskolara  joaten pandemia aurretik ere.  

Save the Childreni buruz 

Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean.

Espainian, duela 20 urtetik baino gehiagotik ari da lanean, haur ahulenak artatzeko programekin, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden haurrak ardatz hartuta. Euskadin 15 urtetik ari da arreta integrala eskaintzen haurrei eta haien familiei, haurrek bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketako egoerak ez diezaien eragotzi beren eskubideez erabat gozatzea eta beren gaitasun mailarik handiena lortu ahal izatea.

Informazio gehiago:

Marta García Terán, Komunikazioa Euskadin: marta.garcia@savethechildren.org