Euskadiko Hezkuntza Legea: zer egin dezakegun Euskadiko eskola-segregazioari aurrea hartzeko eta lehengoratzeko tresna eraginkor eta berritzaile bihurtu dadin

  • Save the Children eta Zubiak Eraikiz elkarteek Hezkuntza Legearen Aurreproiektuari buruz hezkuntza-elkartearekin eta alderdi politikoekin eztabaidatzeko jardunaldia deitu dute azaroaren 19rako (larunbata) Bilbon.
  • Hezkuntza Lege berriak martxoan onartutako Hezkuntza Akordioaren maila berean egon behar du, eta neurriak zehazteko beste urrats bat eman behar du. Testuak argiagoa eta zehatzagoa izan behar du funtsezko gaietan, hala nola eskolatze-neurrietan, Euskal Hezkuntza Zerbitzuan edo beharrizanetan oinarritutako baliabideetan.
     

Bilbon, 2022ko azaroaren 15ean.- Save the Children eta Zubiak Eraikiz elkarteek “Hezkuntza Akordiotik Euskadiko Hezkuntza Legera. Eskola-segregazioaren aurkako lege-esparru handizale baten alde Euskadin” eztabaida-jardunaldia antolatu dute. Datorren larunbatean, azaroaren 19an, Bilboko I.E.S. Miguel de Unamuno B.H.I. Institutuko areto nagusian garatuko da jardunaldia. Euskadiko Hezkuntza Legearen Aurreproiektuari dagokionez hezkuntza-eragileek eta alderdi politikoek duten iritzia entzuteko gune plurala sortzea da jardunaldiaren helburua.

Zubiak Eraikiz plataformako lehendakari Sabin Zubiriren hitzetan, “lege-aurreproiektuari buruz egin dugun analisia alderdi politikoekin eta hezkuntza-komunitatearekin partekatzeko jardunaldia izango da, batez ere, hobekuntza zehatz eta bideragarriak planteatzeko, horrela, araua tresna eraginkorra eta berritzailea izan dadin ikasle zaurgarriak eta etorkinak ikastetxe beretan pilatzea saihesteko eta horrelako egoerak lehengoratzeko”.

 “Euskadik du jatorri migratzailean oinarritutako eskola-segregazio mailarik handiena Estatu osoan, bai eta segregazio sozioekonomiko handiena ere, Madrilgo erkidegoaren ondoren. Egoera hori ukatzetik arazoa politikoki onartzera igaro gara. Orain, konponbideak bilatzea dagokigu, asmo handiko hezkuntza-politika eraginkorrak bilatzea”, adierazi du Charo Arranz Euskadiko Save the Childreneko zuzendariak; eta gaineratu du joan den irailean Euskadiko Hezkuntza Legearen Aurreproiektua argitaratu zenetik eztabaida bizia eta beharrezkoa sortu dela gizartean. “Martxoan onartutako Hezkuntza Akordioko adostasun zabaleko konpromisoak Hezkuntza Lege berrira eramateak funtsezko aldaketa ekarriko luke Euskadiko haur eta nerabeek aukera-berdintasunean hezteko duten eskubidean, eta oso tresna eraginkorra izango litzateke gizarte-kohesioa lortzen laguntzeko”.

Adostasun zabala martxoko Hezkuntza Akordioan

Martxoan lortutako Hezkuntza Akordioa mugarri historikoa izan zen, eta Eusko Legebiltzarraren % 91ren babesa bildu zuen, hautesleen % 89 ordezkatzen duten alderdi politikoena. Akordio horrek segregazioaren aurkako borroka hartzen du funtsezko ardatz gisa. Akordio zehatza eta handizalea da, 43 jarduera biltzen dituena; horien artean daude bai ebidentziak eta bai nazioarteko esperientziek fenomeno horren aurrean garrantzitsutzat jotzen dituzten neurri nagusiak.

2017az geroztik, Save the Childrenek Euskadiko eskola-segregazioaren arazoa eta horrek eskola-arrakastan eta aukera-berdintasunean dituen ondorioak jaso ditu txostenetan, eta arazo horri heltzeko proposamen errealistak egin ditu. Zubiak Eraikiz herri-plataformak eskola inklusibo baterako herri-ekinaldi legegile bat bultzatu zuen, eta 17.000 sinadura biltzea lortu zuen. 

“Save the Children eta Zubiak Eraikiz elkarteen ustez, Legeak Akordioaren maila berean egon behar du, eta neurriak zehazteko beste urrats bat eman behar du. Testuak argiagoa eta zehatzagoa izan behar du funtsezko gaietan, hala nola eskolatze-neurrietan, Euskal Hezkuntza Zerbitzuan edo beharrizanetan oinarritutako baliabideetan. Alderdi politikoen esku dago, akordioaren sinatzaile diren heinean, Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egitea helburu hori lortzeko”, adierazi du Charo Arranzek, Save the Children Euskadiko zuzendariak.

Hausnartzeko eta ekiteko jardunaldia

“Hezkuntza Akordiotik Euskadiko Hezkuntza Legera. Eskola-segregazioaren aurkako lege-esparru handizale baten alde Euskadin” eztabaida-jardunaldian, honako hitzaldi hau eskainiko dute Álvaro Ferrerek (Save the Children) eta Lucas Gortazarrek (EsadeEcPol): “Legearen aurreproiektua: analisi bat”; horrez gain, bi mahai-inguru egingo dira, Hezkuntza Akordioaren garrantzian sakontzeko.

Lehenengo mahai-ingurua, “Eragileen ahotsa” izenekoa, Usoa Urbietak, Baikara Gipuzkoako Irakaskuntza Publikoko Guraso Elkarteen Federazioko koordinatzaileak, Nacho Eguizábalek, Egibide Ikastetxeko zuzendariak (Kristau Eskola) eta Blanka Martínezek, Hezkuntza Plazara elkarteko kideak, osatuko dute. 

Bigarren mahai-inguruan, “Alderdien ahotsa” izenekoan, honako hauek hartuko dute parte: Leixuri Arrizabalagak (EAJ), Ikoitz arresek (EH Bildu), Lui García Gurrutxagak (PSE-EE), Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IU) eta José Manuel Gil (PP-Cs).

Save the Childreni buruz

Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen bermatzeko. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, arlo politikoan eta sozialean jarduera ugari garatuz nahiz hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.
Estatuan, duela 30 urte baino lehenagotik ari da lanean, egoera ahulenetan dauden haurrei laguntzeko programetan, eta pobrezia-arriskuan edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden haurrekin batik bat. Espainian abian dituen programen bidez, arreta integrala eskaintzen zaie haurrei eta haien familiei, bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketak ez diezaien eragotzi beren eskubideez gozatzea eta, aldi berean, beren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten.

Zubiak Eraikiz plataformari buruz

Zubiak Eraikiz Euskadin parte hartzearen eta aldaketaren alde ari den herritarren plataforma bat da. Ez da berariaz hezkuntzaren arloko elkarte bat, hainbat gizarte-eremutako ekimenak lantzen eta sustatzen ditu, egungo statu quoa eraldatu nahi duten eta gizarte kohesionatuago bat lortu nahi duten alderdien eta eragileen artean sinergiak sortzeko.