Euskal ordezkaritza Danimarkako bost Barnahusetako batean izan da

Hormek mihise zuri gisa balio dute marrazki itxurako haur-sorkuntzak edo bisitariek uzten dituzten tximeleta ñimiñoak ausaz edukitzeko; horma-irudi bat Paris eta Eiffel dorrearen omenez; gela ezberdinetako apaletan mimoz jarritako jostailuen kolore deigarriak; giro lasaia, haur-girokoa, fidagarria; horrelakoa da Naestved-en Barnahusa,  Danimarkako hiria bisitatzen ari den euskal ordezkaritzari ateak ireki dizkiona sexu-abusuen biktima diren haur eta nerabeei arreta integrala emateko eredu hau sakon ezagutzeko. Inork ezin du imajinatu eraikin honetan poliziak, psikologoak, auzitegiko medikuak eta fiskalak, besteak beste, lanean ari direla biktima adingabe horiei arreta eta erantzuna emateko. 

Euskadi iazko urte-amaieratik lanean ari da Barnahus eredua ezartzeko eta Vitoria-Gasteizen etxe pilotu bat zabaltzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako sailak Save the Childrenekin eta talde gidari batekin dihardu elkarlanean; talde hori tartean diren eremu guztietako ordezkariek eratzen dute. Taldeak, dagoeneko, lan-bilera ugari egin ditu, eta, orain, Danimarkara joango da, informazioa eskuratzeko eta Danimarkako kidekoekin esperientziak partekatzeko.

“Barnahus bat nolakoa den in situ ikustea oso garrantzitsua da, arrakasta-eredu horiek Gasteizko pilotajean erreplika ditzakegulako”, esan du espedizioaren buru den Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Era berean, sailburuak aitortu duenez, “gure lehenengo Barnahusa irekitzean, Euskadi Europako gizarte aurreratuenen artean kokatuko da sexu-indarkeria mota horren kudeaketan, prebentzioan eta tratamenduan, Nazio Batuen eta Europako Kontseiluaren gomendioei jarraiki”.

EAEko ordezkaritzak Naestvedera bidaiatu du, eta bi egunetan zehar hainbat ekintza izango ditu, besteak beste, udalerriko Barnahus etxera bisita egitea eta programako arreta-arloetako arduradunekin elkarrizketa ugari egitea. Bidaiaren helburua da ahalik eta informazio zehatzena eskuratzea eta eredua EAEn ezartzeko egon daitezkeen zalantzak argitzea. 

Sexu-indarkeria haurtzaroan jasaten den indarkeria-mota okerrenetako bat da. Euskadin, kalkulatzen da bost haur eta nerabetik batek sexu-indarkeria jasan ahal izan duela, eta horrek ondorio larriak dakartza haren garapenean. Hala ere, biktimak jasotzen duen arretak eta haren ingurukoek emandako erantzunak eta babesak, besteak beste, indarkeria horren eragina zehaztuko dute.

Bere eraginkortasuna ebidentzian oinarritzen da. Hainbat azterlanek adierazten dute, halaber, Barnahus delakoak esku-hartze judiziala arintzen eta atxilotze- eta epaiketa-kopurua handitzen laguntzen duela, eta herrialde batzuetan bikoiztu eta hirukoiztu ere egiten dela. Azterlan enpiriko ugarik erakutsi dute eredu horrek bigarren mailako biktimizazioa murrizten laguntzen duela eta haurrari, nerabeari eta haren familiari ematen zaien tratua hobetzen duela.

Visita Dinamarca - Barnahus