Haurren haziera-kostua % 19tik % 28ra bitartean handitu da 4 urtean

•    Save the Childrenek ohartarazi du haurren hazieraren kostua 769€-koa dela hilean seme edo alaba bakoitzeko 2022an (estatuan baino 96€ gehiago). 
•    Euskadin, ia hogeita hamar mila familia daude haziera-kostuari aurre egin ezin diotenak, ezta beren diru-sarrera guztiak horretara bideratuta ere.
•    Euskadiko familien % 40k baino gehiagok —90 mila inguru— zailtasunak dituzte kostu horri aurre egiteko, beren diru-sarreren erdia baino gehiago behar dutelako horretarako.
•    Euskadiko familien ia % 14k ez du diru-sarrera nahikorik seme-alaben oinarrizko beharrak asetzeko; 2008tik, tasarik handiena da.

Euskadiko eranskina: https://stces.me/39o5d2s
Estatuko Txostena: https://labur.eus/O4MP1
Komunikabideetarako baliabideak: https://labur.eus/m0idr

Bilbo, 2022ko ekainak 14. Euskadin, seme edo alaba bat hazteak 769€-ko gastua du hilean, 2022an. Gastu horrek atzera eginarazten die guraso izan nahi luketen pertsona askori, prezio altu horri aurre egin ezin diotelako. Ildo horretatik, Euskadin jaiotza-tasa 1,2koa zen emakumeko 2020an, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak adierazi duenez, eta Europako mailarik baxuenetan dago tasa hori. Save the Childrenek “Zenbat kostatzen den haurrak haztea Euskadin (2022)” txostena aurkeztu du gaur, eta Euskal Autonomia Erkidegoan seme edo alaba bat izateak zer kostu duen aztertzen du azterlan horrek.

Familia pobretuenentzat, ia 30 mila familiarentzat (28.960), ezinezkoa da gastu horri aurre egitea, argi eta garbi, baita beren diru-sarrera guztiak horretarako erabiliko balituzkete ere. Horrez gain, Euskadiko familien % 40k baino gehiagok —90 mila inguru (87.651) — zailtasunak dituzte kostu horri aurre egiteko, seme bat edo alaba bat hazteko kostuetarako beren diru-sarreren erdia baino gehiago behar dutelako. “Familiek seme-alaben zainketan diru-sarreren zer ehuneko inbertitu behar luketen aztertzen badugu, ikusiko dugu Euskadin familien erdiak baino gehiagok ez duela diru-sarrera nahikorik haurren haziera-kostua ordaintzeko edota zailtasunak dituela horretarako, eta familia horietako seme-alaben ongizatea arriskuan jartzen du horrek”, dio Sara Polo, Euskadiko Save the Childreneko Haur Politiken ataleko arduradunak.

Gainera, Euskadin ez dago haurren haziera babesteko Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan bezalako politikarik. “Egia da azkenaldian horrelako politikek izan duten bilakaerak agerian jarri duela hainbat maila administratibotan ahaleginak egiten ari direla zentzu horretan, eta horren erakusgarri dira, esaterako, Haur Eskoletan abian jarriko den doakotasuna, gurasoen ardurapean dagoen seme edo alaba bakoitzeko diru-laguntzak handitzea 0-3 urte bitarteko adin-tartean (200 €-ra arte hileko), edota diru-sarrera bermatzeko errentaren erreforma, seme-alabekiko familientzat hobekuntzak ekarriko dituena; baina, Save the Childrenen, uste dugu ezinbestekoa dela hazierari eman beharreko babes unibertsalean aurrera egitea, gure inguruko herrialdeetan egin dutenaren ildotik”, dio Polok. 

Euskadin, 14 urte arteko haur eta nerabeen % 13,7 mantentze-pobrezian bizi da, hau da, ez dute behar adinako diru-sarrerarik, beren oinarrizko beharrak asetzeko (PGEI, 2020). Gainera, datu berrienek diote haurren pobrezia handitu egin dela, esparru horrek hartzen dituen dimentsio guztietan, eta azken urteotako joera berresten du horrek: pobrezia seme-alabak dituzten familiek pairatzen dute batik bat. Bestalde, estatuan, haurren pobrezia % 27,4koa da, eta EBko herrialdeen artean hirugarren tokian dago esparru horretan.
Haziera-kostuaren lehen kalkuluak 2018ko uztailean egin zituen Save the Childrenek. Ordutik hasita 2022ko martxora bitartean, Euskadin inflazioa % 11 igo da. Emaitza hori haziera-kostuaren barneko gastuekin alderatzen badugu, ikusiko dugu inflazioaren antzeko balioetan egin dutela gora horietako batzuek, hezkuntzak (% 14), elikadurak (% 13), arropa eta oinetakoek (% 10) edo aparteko gastuek (% 10), esaterako; baina beste batzuk askoz gehiago igo dira, etxebizitza (% 75), hornigaiak (% 55) edo garraioa (% 27), adibidez. 2018an, batez beste, hileko 645€-ko kostua zehaztu zen. Lau urtean, haurren zainketaren kostua nabarmen handitu da, % 19tik % 28ra bitartean.

Zerk duen pisurik handiena saskian

Aldatuz doaz haurren beharrak, hazten doazen heinean, eta nabarmendu egiten da hori familien gastu ekonomikoan: 616 €-tik 837 €-ra bitartekoa da hileko. Gainera, gora egiten du gastu horrek urtez urte. “Haurrak eta nerabeak hazten doazen neurrian, haziera-kostua handitu egiten da, eta, aldiz, murriztu egiten da babes publikoa, eta gero eta bakardade handiagoa sentitzen dute familiek. Behar-beharrezkoak dira familiei eta haurrei laguntzeko politika publikoak, 0 urtetik 18ra bitarteko adin-tartean oinarrizko maila bat bermatu ahal izateko”, azaldu du Polok. 

0-3 adin-tartean, gasturik handiena kontziliazioari dagokio –haurtzaindegia, zaintzailea, haur-eskola–, gastu guztien laurdena, zehazki. 4 urtetik 6ra bitartean, hezkuntzak pisua hartzen du; hazieraren kostuaren bostena dagokio tarte horretan, eta gasturik handiena horixe izango da, 12 urte bitarteko etapan. 7 urtetik aurrera, elikaduraren partidak gero eta pisu handiagoa du, guztizko haziera-kostuaren seirena baino gehiago dagokio, eta haurren garapen fisikoari eragiten dio. Horixe izango da gasturik handiena azken etapan, ezohiko gastuen atalarekin batera. Etxebizitzak haziera-gastuetan bigarren edo hirugarren tokia betetzen du etapa guztietan, eta pisu handiagoa du hasierako urteetan, adinean aurrera egin ahala pisua arintzen badoa ere, nahiz eta kostuak bere horretan eusten dion.

Dena den, 2020an eta 2021ean, COVID 19-ak zenbait aldaketa eginarazi zituen beren ardurapean seme-alabak dituzten familien kontsumo-saskian. Gel hidroalkoholikoen, antigeno-testen edota maskaren kostuak, psikologoarengana joan beharrak edota gailu elektronikoak erosi beharrak handitu egin dute haurren haziera-kostua, hileko 788€-ra iristeraino, eta COVID aurreko egoeran baino 19€ gehiago da hori (edo % 2,5).

Alemania, Luxenburgo eta Danimarka dira buru Europan, familiei ematen zaien babesaren esparruan

“Espainian eta estatuan haurren haziera babesteko ematen diren laguntzak Europako hainbat herrialdetakoen desberdinak dira, hiru dimentsiotan: zenbateko txikiak dira, eraginkortasun txikikoak, eta konposizio desberdina dute”. Familiei eta haurrei laguntzeko bi sistemak gutxi garatuta daude, Europako lurraldeetakoekin alderatuta, eta badute ezaugarri nabarmen bat: prestazio eta laguntzetan, gastu maila txikia. Euskadin, inguruko herrialdeetan batez beste duten gastuaren herenera hortxe-hortxe iristen dira, eta estatuan, BPGren % 1,3koa da; aldiz, % 2,3koa da Europar Batasunean batez beste.

Haurren eta familien arloan gehien inbertitzen duten Europako liderrak Alemania (% 3,4), Luxenburgo eta Danimarka dira (% 3,3 azken bi horietan). Hazierarako zuzeneko diru-laguntzei edo prestazioei dagokienez, Luxenburgo da liderra, urteko prestazio maximoak herrialde horrek baititu: 3.420 euro; haren ondotik, Alemania dator, 2.328 euro, seme-alabekiko familia bakoitzeko. 

Europan ez bezala, Euskadin eta estatuko gainerako lurraldeetan bada zerga-onuren sistema bat, errenta handieneko familiei onura handiagoa dakarkiena eta errenta txikiagokoak kanpoan uzten dituena. Horrez gain, hazierari laguntzeko prestazio-sistema oso fokalizatuta dago diru-sarrera maila baxuetan, diru-sarrerak bermatzeko errentetan, esaterako, eta gaur egun berritzen ari dira, seme-alabekiko familiak pobreziatik ateratzeko zereginean ez dela horren eraginkorra argi geratu ostean.

Familientzako diru-laguntza gehiago 

Save the Childrenek ohartarazi du diru-sarrerak ez direla aski zenbait zerbitzutan −hezkuntza, etxebizitza, garraioa, etab. – eta haurrak babesteko funtsezkoak diren hainbat prestaziotan. “Funtsezkoa da haur guztiek, ahulenek batik bat, laguntzak eskueran izatea, haur guztiek garapen kognitibo eta sozial egokia izan dezaten eta haur guztien gaitasunak susta ditzagun”, eskatu du Sara Polok, Euskadiko Save the Childreneko Haur Politiken ataleko arduradunak.

Ikerketak hainbat neurri proposatzen ditu, familiei haurrak hazten laguntzeko eta Euskadin jaiotza-tasa indartzeko; zehazki, hileko 100 euroko laguntza unibertsal bat abian jartzea proposatzen du, 0-18 urte bitartekoentzat, ahalik eta familia gehiengana iristeko, gaur egungo zerga-sistemaren mailetatik harago joz. Diru-sarrerak bermatzeko errentan eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreran oinarritutako sistemaren bidez bideratzen diren prestazio fokalizatuekin bateragarria litzateke laguntza hori, eta gaur egun Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen zuzeneko laguntzen sistema ordeztuko luke, sistema hori hobetuz eta zabalduz.

“Laguntza horrek, Euskadin hazieraren batez besteko kostuaren % 13ra iritsiko litzatekeen laguntza horrek, eragin positiboa izango luke seme-alabak dituzten familia guztietan, alde batera utzita diru-sarreren maila; baina, dena den, diru-sarrera txikieneko familiak lirateke proportzioan onuradun handienak”, erantsi du Sara Polok. Gainera, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten familien multzoan, haurren hazierako osagarrien benetako balioa eguneratzeko eskatzen du Save the Childrenek, eta hilekoarekin lotutako higiene-produktuak eta pixoihalak BEZaren tasa supermurriztuaren arabera zergapetzea (% 4) edo zerga hori kentzea.

SAVE THE CHILDRENI BURUZ

Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.

Estatuan, duela 30 urte baino lehenagotik ari da lanean, egoera ahulenetan dauden haurrei laguntzeko programetan eta batik bat pobrezia-arriskuan edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden haurrekin. Espainian abian dituen programen bidez, arreta integrala eskaintzen zaie haurrei eta haien familiei, bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketak ez diezaien eragotzi beren eskubideez gozatzea eta, aldi berean, beren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten.