Lehen lerroan ari diren GKE-ei laguntzeak bigarren hondamendia saihestu dezake Sirian, lurrikaren astinaldiaren ostean

Gabriella Waaijman, Save the Childreneko Ekintza Humanitarioko zuzendari orokorra 

 

Denbora aurrera doa. 

Astebete baino gehiago pasatu da jada 7,6tik gorako bi lurrikarak Turkiako hegoaldea eta Siriako ipar-mendebaldea astindu zituztenetik. Hildakoen kopuruak (24.000 baino gehiago) gora egiten jarraitzen du, eta nazioarteko laguntza oso pixkaka ari da iristen behar handieneko tokietara. Siriarrek denetarik bizi izan dute. Bonbardatu egin dituzte. Lekualdatzera behartu dituzte. Gatazkaren laztasunak sufritu dituzte, eta hainbat lagun eta bizitzeko modu suntsitu dira. Eta orain, berriz, hau.

Atzo, hauxe adierazi zigun Save the Childrenenen bazkide den Siriako erakunde bateko lagun batek: "2013an, bonba bat erori zen gure etxera. Gure aita hantxe hil zen, eta hondakinen azpian geratu zen… Baina lurrikara hau are beldurgarriagoa izan da. Ezin dut deskribatu zenbat iraun zuen, sentitu nuen minagatik, beldurragatik, amorruagatik. Nire bizitza osoa ikusi nuen nire aurretik pasatzen, eta izututa geratu nintzen. Emazteari eta seme-alabei begiratzen nien, eraikinak dar-dar egiten zuen bitartean; ezertarako ezgauza sentitu nintzen". 

Lekukotasun lazgarri horrek siriar herriak bizi duen izugarrikeria islatzen du. Azken 12 urteei gehitu behar zaie hori guztia, amesgaizto hutsa izan baita garai hori siriar herriarentzat, eta ezin izan baitu amesgaizto horretatik esnatu.

Behin eta berriro, izugarrikeria horietatik bizirik atera diren pertsonak dira lehenengoak erantzuten; horietako asko lehen lerroko laguntza humanitarioetan ari dira. Azken astean, bizirik atera diren pertsonak hondakinen artetik beren auzokoak ateratzen ikusi ditugu, Sirian eta Turkian. Anai-arrebak elkar babesten, laguntza iritsi bitartean. Tokiko erreskatatzaileak, beren eskuekin edo parean aurkitzen zutenarekin eraikinen hondakinak kentzen, haien azpian pertsonak bizirik aurkitzeko itxaropenarekin. Edo, laguntza-materialak edo behar-beharrezko hornigaiak eramateko, kamioneta zaharkituak gidatzen.  

Krisiak kolpatutako komunitateetako pertsonak eta tokiko erakundeetako kideak ari dira lan gehienez arduratzen, mundu mailako erakundeak iristen ez direnez toki horietara. Haiek dira tokian bertan gelditu eta lan horiek betetzen dituztenak, komunikabideetako titularrek beste gai batzuetara jauzi egin eta gerora.  

Ikusi dugu nola batu diren tokiko komunitateak premia larrian dauden pertsonei laguntzeko.  Gure tokiko bazkide bati gizon batek esan zion Idlib-en bere emaztea prest zegoela ama galdu zuen edozein haurtxori titia emateko. Zutik iraun zuten bere bi etxeetan familiak hartzeko prest agertu zen beste bat. Zabor eta hondakinen artean zulatzeko tresnak eta makinak eskaini zituzten beste askok. Batzuek janaria banatzen zuten kalean, eta odola ematera jotzen zuten presaka, ospitaleek eskatzen zutenean.  

Eskualde honek hamarkada askoan jasan duen hondamendi natural handiena izan da lurrikara, eta azken urteotako krisi humanitario okerrenetakoa bihurtzen ari da, inoiz baino premia handiagoak sortzen ari baita. NBEk adierazitakoaren arabera, oposizioaren kontrolpean dauden Siria ipar-mendebaldeko eremuetan kaltetutako leku eta  herrien % 5ean soilik ari dira bilaketa eta erreskate-operazioak egiten, baina ahaleginak egiten jarraitzen dute Sirian kaltetutako eremu guztietan. Gatazkako urterik txarrenetan etengabeko bonbardaketetan zutik iraun zuten eraikinak goitik behera amildu dira.  

Argi eta garbi adierazten digu horrek guztiak zeinen premiazkoa den funtsak eta babesa laguntza ahalik eta azkarren eman dezaketen horiengana helaraztea. Erlojupeko lasterketa honetan, bizitzak salbatzen ari diren tokiko talde eta erakundeei funtsak eta baliabideak eramateko gure eskuetan dagoen guztia egitera behartzen gaitu bizitzak salbatzeko gizateriak duen betebehar humanitarioak. Finantza bide horrek azkarra eta ahalik eta zuzenena izan behar du, eta iraun egin behar du denboran, komunitateek berriro eraikitzeko eta suspertzeko modua izan dezaten. 

Laguntza handiagoak eman behar dira, lehenbailehen. Bigarren krisi-bolada bat dator, eta are hildako eta hondamendi gehiago eragin ditzake krisialdi horrek. Sirian gatazka hasi zenetik inoizko gose-indize handienak erregistratzeko zirela aurreikusten zen aurten jada. Horri babeslekuen falta, edateko urik ez izatea eta saneamendu-zerbitzuen suntsipena eransten badizkiogu, horra uraren bidez transmititzen diren kolera eta horrelako gaixotasunetarako haztegia; jada arazo larriak eragin zituen gaitz horrek iazko urtean Sirian. Inoiz baino garrantzitsuagoa da han geratu direnei laguntzea.

Laguntza emateko ahaleginek oztopo ugari izan dituzte jada: etengabeko erreplikak, baldintza meteorologiko izugarriak, errepide eta aireportuetan izan diren kalteak edota tokiko merkatuak etetea, esaterako. Baina ezin dugu onartu agenda politikoa ere laguntza-ahaleginetarako oztopo bihurtzea. Hondamendi honen inpaktu humanitarioa dramatikoa da, eta gero eta aukera gutxiago dago pertsonen heriotzak saihesteko. 

Iritsi da garaia gobernuek laguntza eman dezaketenei ahalik eta laguntza-modalitate gehien helaraz diezazkieten. Sirian lurrikarak kaltetutako  eremu guztietan, erabat zabaldu behar dira mugako pasabideak, beharrean daudenei hornigaiak eta erreskate-ekipamenduak helarazteko. Salbuespenak aplikatu behar dira, zigorrek eragindako eremuetara funts humanitarioak eramateko. Eta, are garrantzitsuagoa: erabateko lehentasuna izan behar du lehen lerroan dabiltzan −eta beti ibili diren− Siriako eta Turkiako tokiko erakundeei zuzeneko finantzaketa helarazteak.   

Sirian eta Turkian kaltetutako 7 milioi haur eta neraberen etorkizuna arrisku bizian dago. Gure esku dago gauzak ondo egitea.