M8: Save the Childrenek ohartarazi du nerabeen artean genero-indarkeria normalizatzen ari dela eta rol sexistak errepikatzen direla

  • 14 urtetik 17ra bitarteko hiru nerabetik batek indarkeria jasan du bere bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik 2019an, Emakundek ohartarazi duenez.
  • Save the Childrenek “Ez da maitasuna” txostenean egiaztatu ahal izan duenez, nerabeen bikoteek genero-indarkeria normalizatzen dute, eta eredu eta rol sexistak errepikatzen dituzte.
  • Erakundeak dio ahalik eta bizkorren txertatu behar dela genero-ikuspegia eta haurren ikuspegia, nerabeen artean genero-indarkeriari aurre egiteko.

‘Ez da maitasuna’ txostena: https://bit.ly/3aFSNjt
Komunikabideetarako materialak (argazkiak, elkarrizketak): https://bit.ly/3j2BGgs 

Bilbo, 2022ko martxoak 7. Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna dela gogora ekarrita, Save the Childrenek bere kezka agertu nahi izan du, nerabeen artean genero-indarkeria normalizatzearen eta rol sexistak errepikatzearen inguruan. Gainera, ohartarazi du 14 urtetik 17ra bitarteko hiru nerabetik batek indarkeria jasan zuela Euskadin 2019an, bere bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik, Emakundek emakumeen aurkako indarkeriaz egiten duen urteroko txostenaren arabera; begien bistan jartzen digu horrek nerabeen arteko harremanak asimetrikoak direla oraindik, eta genero-rol zurrunek zedarritzen dituztela askotan.

“Neskek eta mutilek, txikitatik, zenbait rol eta estereotipo onartzen eta barneratzen dituzte, gizarteak eurengandik espero duen zereginean hobeto egokitzeko xedez. Estereotipo horien arabera, maitasuna beren bizitzaren erdigunean jarrita sozializatzen dira emakumeak, eta otzanagoak eta goxoagoak izan behar dutela onartzen dute. Aldiz, mutilengandik espero da babesleagoak izango direla, eta nahastu egiten dituzte kontrol-jarrerak eta babes-jarrerak”, dio Sara Polok, Euskadiko Save the Childreneko Haur Politiken ataleko arduradunak.

Arazoaren ikusezintasuna amaitzea eta neska nerabeek jasaten duten genero-indarkeriari buruz informazioa izatea funtsezkoa da arazo horri aurre egin ahal izateko. Horregatik, ikasketetarako adina luzatzea gomendatzen du erakundeak, eta nerabezaroa 13 urtetik hastea, nerabe horiek berariazko kolektibo gisa identifikatzeko EAEn garatzen diren azterlan eta inkesta ofizialetan.

Gainera, erakundearen iritziz, une egokia da Euskadirentzat haur eta nerabeen aurkako indarkeriari aurre egiteko, Haurren Lege berria lantzen ari batira; besteak beste, LOPIVI Legea garatu beharko du lege horrek EAEn, bai eta Haur eta Nerabeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko Euskadiko Estrategia ere. Nerabeek jasaten duten genero-indarkeriari heldu beharko diote bi ekimen horiek, bai eta informazioa emateko, prebentziorako eta laguntzeko neurri espezifikoei ere, haurraren eta generoaren ikuspegia barnean hartuta beti.

Save the Childrenen ustez, nerabeen artean genero-indarkeriari aurrea hartzeko, ezinbestekoa da hezkuntza afektibo-sexuala ematea txiki-txikitatik, ingurune digitalak segurtasunez eta arduraz erabiltzeko prestakuntza eskaintzea, eta babes-politikak lantzea eta horrelako egoerak hautemateko eta jarduteko protokoloak garatzea, genero-ikuspegia txertatuz eskoletan. Halaber, arreta integrala emateko baliabideak garatzeko eskatu du, haur eta nerabeen ikuspegia nahiz genero-ikuspegia barnean hartuta; edota nerabe erasotzaileak berrezteko baliabideak sortu daitezela, salaketa-mekanismo seguruak eta isilpekoak ezar daitezela, datuak biltzeko erregistroak gara daitezela eta, azkenik, justizia sistema nerabeen beharretara egokitu dadila.   

“Garbi erakusten dute datuek egiteko asko dagoela oraindik, eta, horregatik, arauzko eta nahitaezko izaeraz hezkuntza afektibo-sexuala euskal curriculumean txertatzeak duen garrantzia azpimarratzen dugu, txiki-txikitatik hasita, hezkuntza-etapetara behar bezala egokituz, noski”, dio Polok.  

SAVE THE CHILDRENEN EZ DA MAITASUNA TXOSTENA

Ez da maitasuna txostenean, nerabeen arteko genero-indarkeriari buruz dauden politikak, azterlanak eta datuak aztertu ditu erakundeak, eta Euskadin genero-indarkeriari aurrea hartzeari begira garatu diren jardunbide egoki batzuk ere biltzen ditu; horien artean daude, besteak beste, Beldur Barik programa, nerabe eta gazteen artean berdintasuna, errespetua, autonomia eta askatasuna sustatzea xede duena, edota DBHrako hezkuntza afektibo-sexualerako programa, Sexumuxu. Euskadin, gainera, bada sexu-berdintasunerako gizonen kontzientziazioa, parte-hartzea eta inplikazioa  sustatzen dituen beste ekimen bat ere, Emakunderena: Gizonduz programa; maskulinitate berrietarako erreferenteak ezarri nahi ditu ildo horretatik.

Txostenean, gainera, argi esaten da indarkeria fisikoa ez dela neskato, neska nerabe eta emakumeek jasaten dituzten gainerako indarkerien icebergaren tontorra baino, emakumeek jasaten duten egiturazko desparekotasuna baitute horiek guztiek oinarri: ikus daitezkeen indarkeriak (eraso fisiko eta sexualak); indarkeria sinbolikoak (kontrola, umiliazioa); egiturazko indarkeriak (desoreka, genero-rolak eta estereotipoak). (Iturria: Indarkeriaren triangelu biziotsuaren teoria, Johan Galtung).


Ildo horretatik, erakundeak dio indarkeria sinbolikoak eta egiturazkoak eremu digitalera ere zabaldu direla. Nesken kasuan, teknologien bidez sexu-jazarpen handiagoa jasaten dutela diote, eta indarkeria modu berriak sortu dira horrela, ziberjazarpenetik edo ziberkontroletik harago doazenak, hala nola zibermisoginia edo ziberbiolentzia sinbolikoa. Zibermisoginiaren barnean, emakumeak iraintzeko xedea duten iruzkinak sartuko lirateke, hala nola «emakumeek soilik gauza baterako balio dute...» eta horrelakoak. Eta ziberbiolentzia sinbolikoa, berriz, emakumeen objektibizazio sexuala litzateke.

Genero-indarkeria jasateko eta modu kontzientean edo inkontzientean maitasunak sufrimendu maila bat ere badakarrela onartzeko arriskua areagotzen dute eredu horiek. Save the Childrenek nerabeak kontzientziatu nahi ditu, maitasunari eta harreman erromantikoei buruzko zenbait mito zokoratuz (azken garaiotan, «maitasun erromantikoaren mitoa» deitu izan zaion hori guztia), izan ere, bikotearen esparruan, zenbait indarkeria modu eta jokabide legitimatu egiten dituzte mito horiek. Horren adibide ditugu, esaterako “aurkako poloek elkar erakartzen dute” eta antzeko esaerak, edota laranja erdiarena.

Ez da maitasuna txostenarekin batera, gida bat ere landu zuen Save the Childrenek, Familian berdintasunean heztea, gurasoei laguntzeko gida, eta gurasoentzako ikastaroak ere prestatu zituen. Horrez gain,  sinadura-bilketa bat jarri da abian, nerabeen esparruko indarkeriaren prebentzioan inberti dezan gobernuak.

SAVE THE CHILDRENI BURUZ

Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.

Estatuan, duela 30 urte baino lehenagotik ari da lanean, egoera ahulenetan dauden haurrei laguntzeko programetan eta batik bat pobrezia-arriskuan edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden haurrekin. Espainian abian dituen programen bidez, arreta integrala eskaintzen zaie haurrei eta haien familiei, bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketak ez diezaien eragotzi beren eskubideez gozatzea eta, aldi berean, beren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten.