PGDIk erakusten du haur-pobreziaren adierazle guztiek okerrera egin dutela eta jende helduarenak baino ia-ia bikoitza direla

  • Haur-pobrezia askoz handiagoa da eta erritmo azkarragoan doa hazten gainerako populazioaren aldean Euskadin 2022. urtearekin alderatuta: %77 egin du gora, gainerako populazioarena %53 hazi den bitartean.
  • Haurren gabezia materialak hirukoiztu egin dira kasu askotan, 2016tik gorantz doan joerari jarraituz.
  • Adingabeak dituzten etxeetako pobrezia 3 eta 4 bider handiagoa da adingaberik gabeko etxeen aldean, adierazlearen arabera, eta azkarrago doa igotzen

Bilbo, 2026ko martxoaren 25a.  Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestaren (PGDI) azken datuek erakusten dutenez, haurrek pobrezia errealeko eta mantenuko tasa esanguratsuki handiagoak dituzte Euskadin gainerako biztanleen aldean. Pobreziaren ondorioak gehien pairatzen dituztenak diren arren, pobreziaren aurpegi ikusezinena izaten jarraitzen dute.  Euskadiko haurren pobreziak, gainera, Europar Batasun osokoak baino 2 puntu altuagoak (%17,8, %16,2ren aldean) izaten jarraitzen du. 

Datuek erakusten dute seme-alabak izatea dela pobrezia errealaren arriskua gehien areagotzen duen faktoreetako bat: 14 urtetik beherakorik gabeko familiek %3,8ko tasa duten bitartean, ehuneko hori %12ra igotzen da 14 urtetik beherakoak dituzten familien kasuan. Datu hori haurren pobrezia-tasaren igoera orokortu baten barruan jasotzen da. Mantenu-pobrezia igo egin da, %10,5etik %14,4raino. Pobrezia mota horrek esan nahi du ez dela nahiko diru-sarrerarik eguneroko oinarrizko beharrak estaltzeko. 

Bestetik, pobrezia erreala, hots, diru-sarrera baxuak eta gabezia material jarraituak uztartzen dituena, bikoiztu egin da ia-ia, %7,5etik %13,3ra igarota. Pobrezia neurtzeko era horiek familiek haurrei beren garapen erabatekoa eta aukera-berdintasuna bermatzeko oinarrizko ondasun eta ongizatea bermatzeko dituzten gabezia eta zailtasunak azalerazten dituzte.

“Euskadin milaka haur gabeziekin hazten ari dira, euren elikadurari edo oinarrizko ongizateari eraginez, eta horrek esan nahi du egungo politikak ez direla nahikoak eta haur-pobrezia egiturazkoa dela. Beren oinarrizko beharrak bete gabe biziz, mugatu egiten dira euren aukerak, beren nutrizio-osasunari eragiten diote, beren osasun mentalari, hezkuntzako beren emaitzei; finean, beren garapenaren dimentsio guztiei”, azaldu du Charo Arranzek, Save the Children erakundearen Euskadiko egoitzako zuzendariak. 

Mantenu-pobreziari buruzko datuek erakusten dute euskal familia askoren egoerak nabarmen okerrera egin duela, datu okerrenak jaso dira 2020a baino lehenagotik hona. Haur eta nerabeak kargura dituzten etxeen zati nabarmen batek adierazten du zailtasunak dituela euren seme-alabei nahikoa proteina (%4,7) eta fruta eta berdura (%3,1) emateko egunero. Horrenbestez, eragin zuzena du haurren nutrizio-osasunean eta garapenean. Pobrezia beste gabezia mota batzuetan ere islatzen da, adibidez oinetako egokirik (%3,4) edo arropa berririk (%10,1) ez izatea edo une bereziak ospatu ezina (%7,6). 

Datu horiek garbi azaltzen dute familiek dituzten zailtasun ekonomikoak eta nola ari diren baldintzatzen haur euskaldunen eta beren familien egunerokoa. Fenomeno horren arrazoia familiek hazkuntzan jasaten duten inflazio espezifikoa da. 2024an, esaterako, askogatik gainditu zuen (%35,5 bat) inflazio orokorra Euskadin.

Save the Childrenen proposamena: haurrak lehentasuna dira, Euskadiren etorkizuna zehazten duen inbertsioa dira 

Save the Childrenen arabera, hazkuntzaren kostua, Euskadin, 866 euro da hilean seme-alabako. Karga handia da hori familia askorentzat, batez ere zailtasun handienak dituztenentzat. Errealitateak mugatu egiten du elikadura, etxebizitza, hezkuntza eta osasuna bezalako oinarrizko beharretarako aukera, eta areagotu egiten du haur-pobreziaren arriskua. Etxebizitzarekin (%21) eta janariarekin (%25) lotutako gastuak dira gehien igo direnak 2022tik. Etxebizitza gastuak, zehazki, %111 igo dira 2018tik.  

Hazkuntzaren kostu hori aldatu egiten da adin-tarteen arabera, eta 13 urtetik 17 urtera bitarteko haurrak dituzten etxetan heltzen da gorenera, hilean 925 €-raino helduz. Adin-tarte horri lotutako gastua %13 igo zen 2022tik 2024ra bitartean. Premiazkoa da hazkuntzarako laguntza-politikak indartzea haurren ongizatea eta garapena bermatzeko, ez dadin egon etorkizuna bermaturik izango ez duen haurrik.

Hori dela eta, Save the Childrenek hurrengo proposamenak garatu nahi ditu hazkuntzaren kostuaren igoeraren ondorioak arintzeko:

  • Euskal hazkuntzarako prestazio unibertsala 4 urtetik 17 urteraino zabaldu.
  • Prestazioetarako aukera hobetu eta kreditu fiskal itzulgarrien formula erabili familiek zerga-kenkari guztiak balia ditzaten.
  • HLOren (Haurrentzako Laguntza Osagarria) zenbatekoak handitu, arreta berezia jarriz 6 urtetik gorakoetan, zabalpenerako estrategiak garatzeaz eta prestaziorako sarbidea hobetzeaz gain.
  • Errenta aitorpenaren unibertsalizazioa eta kalteberatasun egoeran diren etxeen identifikazio aktiboa indartu. 
  • Familien kontziliazio-baldintzak hobetzeko neurriak: doakotasun unibertsala 0-3 urteko haurrak eskolatzeko, zerga-onurak beren langileei kontziliazioa erraztu nahi dieten enpresentzat, edo ordutegi-malgutasun handiago laneko eta familiako kontziliazio hobeago baterako.

“Politika handinahitsuagoak, egonkorrak eta iraunkorrak behar ditugu, haur guztiak bizi-baldintza duin batzuetan haztea bermatzeko. Haur-pobreziak mugatu egiten du haurren garapena, baldintzatu egiten du euren osasuna eta murriztu egiten dizkie aukerak. Premiazkoa da familientzako laguntzak indartzea haur guztien eskubideak bermatzeko”, adierazi du Arranzek.