Save the Children erakundearen iritziz, «Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriaren aurkako euskal estrategia (2022-2025)» aukera bat da haurrenganako tratu ona bermatzeko

Apirilak 25. Haurren kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna

Bilbo, 2022ko apirilak 25. Haurren kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren kariaz, BOEtik ekintzetara pasatzeko eskatu du Save the Childrenek. Iritsi da Euskadin ere maila administratibo guztietan Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Babesteko Lege Organikoa (LOPIVI) praktikan jartzeko ordua. Zain egon ostean, duela bederatzi hilabete onartu zen legea, 2021eko ekainean, baina ez da aurrerapenik ikusi oraindik. Baina, haur eta nerabeak ondo tratatzeko, ezin da gehiago itxaron. Tresna eraginkorrak behar dira, indarkeriaren aurka borrokatzeko ez ezik, haur eta nerabeen garapenarekin errespetuz jokatuko duen haziera babesten laguntzeko; “tratu ona” esaten diogun hori emateko, alegia.

“Gaur aurkezten da «Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriaren aurkako euskal estrategia (2022-2025)», eta bai estrategia horren garapena eta bai LOPIVIn biltzen diren neurriak Euskadin gararaziko dituen haurren lege berri bat onartzea eta ezartzea funtsezko baliabideak izango dira EAEn haurren kontrako indarkeria errotik erauzteko bidean aurrera egiteko, bai eta haurrak inguru seguruetan hazten direla bermatzeko ere. Euskadin LOPIVI errealitate bihurtu dadin, premiazkoa da lege hori onartzea eta hedatzea”, azaldu du Sara Polok, Euskadiko Save the Childreneko haur-politiken arduradunak.

Hori lortzeko, hainbat tresna behar direla nabarmendu du erakundeak, hala nola gatazken konponbiderako familiei zuzendutako trebakuntza-programak, jaiotzaren inguruko arreta mediko eta psikologikoa amentzat, edo gizarte-zerbitzuek familiei laguntzea, batik bat arrisku-egoeretan esku hartzeko planak eginez. 

Horri guztiari beste hainbat gehitu behar zaizkio: haurrenganako tratu txarren inguruan kontzientziatzeko kanpainak, gai horri buruzko ikerketak, informazio-erregistroak, eta azkenik, haur eta familiekin lan egiten duten esparru guztietako profesionalen prestakuntza, bai prebentzio gisa eta bai indarkeria-kasuei erantzuteko, hezkuntza-arloan, arlo judizialean, gizarte- eta babes-zerbitzuetan, osasunean eta segurtasun-indar eta kidegoen arloan.

Tratu txarretik tratu onera

“Tratu txarrak errotik erauzteko, diskurtsoa aldatu behar dugu, eta tratu onez hitz egiten hasi. Tratu onak familiaren eremua gainditzen du, eta haurrak eta nerabeak tratatzeko oro har gizarteak duen moduari egiten dio erreferentzia, indarkeriatik harago joanez. LOPIVIk esplizituki jasotzen duen kontzeptu bat da”, dio Polok.

Tratu txartzat jotzen da gurasoek edo zaintzaileek eragindako indarkeria modua, haurren eta nerabeen ongizate fisiko, emozional eta psikologikoari kalte egiten diona eta, beraz, haien garapenari eragiten diona. Indarkeria hori erabiltzen duenarekin lotutako indarkeria mota bat da, zehazki haurra zaindu eta babestu behar lukeenari lotutakoa. 

Indarkeria mota hori ez dago kasu bakan batzuekin lotuta; Ertzaintzak 2019an emandako datuen arabera, 621 haur eta nerabek jasan zuten indarkeria beren familia-eremuan Euskadin, eta horrek esan nahi du kasuak % 58 gehitu direla 2016ko datuekin alderatuta . 2019an, 953 aurretiazko eginbide ireki zituen Fiskaltzak Euskadin, familia-harremanen aurkako delituengatik, eta hauek jasotzen dira bereziki arlo horretan: pentsioak ez ordaintzea (631), familia eta haurrak abandonatzea (199), adingabeak ostea (59) eta zaintza-erregimena haustea (45)  . 2020an, familia-harremanen arloko eginbideak % 27 murriztu ziren, baina datu horietan eragina izan dezakete COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek.

Tratu ona kontzeptu zabalagoa da, eta, familiaren esparruan, haziera positiboa adierazten du: haurrak eta nerabeak maitasunez, afektuz, atxikimenduz eta goxotasunez heztea, lotura seguruak sortzeko; irmotasunez jokatzea eta mugak jartzea, baina oihu eta mehatxu egin gabe eta zigortu gabe, horrek babesa eta segurtasuna dakartzalako; inolako indarkeriarik ez onartzea; edota ez erabiltzea mehatxurik, umiliaziorik, zigorkadarik edo zapladarik. 

Save the Children lanean ari da, familiei erronka horiei aurre egiten laguntzeko, guraso-eskolaren bidez; gune horretan, gurasoek eta hezkuntzako langileek beharrezko baliabideak aurkituko dituzte haurrekin beraiei eragiten dieten gaiak edo kezkatzen dituzten kontuak lantzeko. 

SAVE THE CHILDRENI BURUZ

Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.

Estatuan, duela 30 urte baino lehenagotik ari da lanean, egoera ahulenetan dauden haurrei laguntzeko programetan eta batik bat pobrezia-arriskuan edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden haurrekin. Espainian abian dituen programen bidez, arreta integrala eskaintzen zaie haurrei eta haien familiei, bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketak ez diezaien eragotzi beren eskubideez gozatzea eta, aldi berean, beren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten.

 

1 Fuente: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila. Ikerketa eta Azterketa Arloa.
2 Fuente: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Probintzia Fiskaltza.