Save the Children: Pandemia ostean, 4 urtetik 14ra bitarteko haurren % 40k soilik jaten ditu barazkiak eta fruta egunero

•    Lau haurretatik batek gehiegizko pisua edo obesitatea du Euskadin.
•    2020an, Euskadin benetako pobrezia-egoeran bizi ziren haurren % 22,5ek ez zuen egunean janari proteinikoa jateko aukerarik (PGDI, 2020).
•    Errenta txikiko familien % 30etan soilik egiten dute haurrek eta nerabeek jarduera fisikoren bat edo kirola erregulartasunez.
•    Pandemiaren eraginez, Euskadiko haur eta nerabeek, batez beste, 37 minutu gutxiago egiten dute lo, 2017ko urtearekin alderatuta.

Euskadiko eranskina: https://stces.me/36SenDb
Estatuko Txostena:  https://stces.me/3j3pM5w
Komunikabideetarako baliabideak: https://stces.me/3j625tk

Bilbo, 2022ko apirilak 6. Alarma-egoera deklaratu eta urte eta erdira, Euskadin gehiegizko pisua edo obesitatea zuten haur eta nerabeen (4-16 urte) zenbatekoa  % 24,7koa zen, eta pandemia aurreko garaietako zenbatekoaren oso antzekoa da kopuru hori, 2017an % 25 baitziren, Save the Childrenen txosten honetan jasotzen denez: Agur dieta mediterraneoari: nutrizioa eta ohitura osasungarriak Euskadiko haurren artean. Egoera hori larriagotu egin dezake lehertu berri den inflazioaren ondorioz barazkien eta fruten prezioak gora egin izanak.

“Haurren obesitatea eta gehiegizko pisua osasun publikoko arazo larria dira, gaur egun nahiz etorkizunari begira.  Gehiegizko pisua duten haurrek heldu direnean gizenak izateko edo gehiegizko pisua izateko arrisku handia dute, bai eta gaixotasunak izateko arrisku handiagoa ere (gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa eta zenbait minbizi mota); bizi-kalitate okerragoa izan dezakete, edo garaia baino lehen hil daitezke. Haurtzaroan ohitura onak barneratzea etorkizunerako bizi-asegurua izatea da”,  dio Charo Arranzek, Save the Children Euskadiko zuzendariak.

Haurren gehiegizko pisuaren eta obesitatearen arrazoiak eta arlo horretan erabakigarriak diren alderdiak aztertzen ditu txostenak, eta zenbait gomendio egiten ditu, nutrizioaren eta ohituren arloan hautemandako beharretatik abiatuta, Euskadiko haur eta nerabeen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko xedez.
Save the Childrenek inkesta bat egin zien 2021eko irailean 112 gurasori (2.000ri estatuan), COVID-19aren krisiak Espainiako haurren nutrizioan eta osasunean zer-nolako eragina izan duen ulertu ahal izateko. Estatuko Osasun Inkestarekin (ENSE) konparaziozko azterketa bat egiten du, eta 2017an egin zen azken aldiz inkesta hori.

Errenta, faktore erabakigarria

Haurren obesitatearen eta gehiegizko pisuaren arrazoi nagusiak hauek dira batez ere: elikaduraren kalitatea, egiten duten jarduera fisikoa, edo lotan edo pantaila aurrean pasatzen duten denbora; eta eragina dute, noski, ingurumen-faktoreek edota faktore kultural eta biologikoek ere (gurasoak gizenak badira, gehiegizko pisua izateko probabilitate handiagoa dute seme-alabek). Dena den, argi erakusten du txostenak haurren elikadura-osasuna eta ohitura osasungarriak batez ere maila sozioekonomikoak zehazten dituela. 

Pobreziari eta Gizarte Desparekotasunari buruzko Inkestak (PGDI), azkena egin denak, agerian jarri zuenez, arazo nagusiak zerikusia zuen adingabeek egunero janari proteinikoa edo fruta eta barazkiak jateko aukeran okerrera egin izanak. Datuek diote hazi egin dela Euskadin 2020an elikadura proteinikoa eskuratzeko zailtasunak dituzten haurren kopurua (% 3,4), bai eta egunean fruta eta barazkiak jateko zailtasunak dituztenena ere (% 2,8). 2020an, Euskadin benetako pobrezia-egoeran bizi ziren haurren % 22,5ek ez zuen egunean janari proteinikoa jateko aukerarik, eta % 20,4k ezin zituen egunero fruta eta barazkiak jan. Arazo horiek, hurrenez hurren, ongizaterik gabeko adingabeen % 7ri eta % 4,8ri eragiten zien, zehazki.  

Agur dieta mediterraneoari txostenean, nabarmendu da pandemiaren eraginez murriztu egin dela Euskadin fruta eta barazkiak jaten dituzten haurren ehunekoa: 2017an, 4-14 urte bitarteko % 75ek baino gehiagok jaten zituzten fruta eta barazkiak egunero; 2021eko irailean, balio hori % 40ra jaitsi zen.  Ordainetan, murriztu egin zen produktu kaltegarrien kontsumoa ere. Janari koipetsuen eguneko kontsumoa ia % 60 murriztu da. Horren inguruko hipotesi baten arabera, mugikortasuna murriztu izanarekin eta merkataritza-guneak eta aisialdikoak ixtearekin lotuta legoke hori.

Gainera, txostenak dio Euskadin errenta txikiko familia batean bizitzeak izugarri handitzen duela haurra zarenean gehiegizko pisua edo obesitatea izateko arriskua. “Diru-sarrera txikiak dituzten familietan, aukera gutxiago dituzte dieta orekatu  baterako behar diren elikagaiak eskuratzeko, eskolaz kanpoko jarduerak edo sedentarioak ez diren aisialdiko jarduerak ordaintzeko, edota osasun-arazoak tratatzeko (hala nola elikadura-portaeraren nahasmendua, edo aho-hortzetako patologiak), eta horiek guztiek erlazio estua dute egokiak ez diren elikadura-ereduekin”, azaldu du Arranzek. 

“Pantallismoa”, lo-orduak eta ariketa fisikoa

Garapen fisiko, psikologiko eta sozial egokia izateko, pantaila aurrean egunean gehienez ere 2 ordu pasatzea gomendatzen du Osasunaren Mundu Erakundeak; baina, COVID-19aren ondoren, ia bikoiztu egin da pantaila aurrean egunean bi ordu baino gehiago pasatzen dituzten haurren ehunekoa: 2017an, % 16 ziren, eta % 28 dira 2021ean. Tasa askoz ere handiagoa da etxe pobreetan: bi haurretatik batek gainditzen du OMEk gomendatutako maximo hori. 

Kontuan izan behar dugu gailu horietan pasatzen ditugun orduek eragina dutela beste ohitura osasungarri batzuetan; esate baterako, lo-orduetan, kopurua eta kalitatea murrizten baitituzte. Pandemiaren eraginez, Euskadiko haur eta nerabeek, batez beste, 37 minutu gutxiago egiten dute lo. Loaldiaren batez besteko orduak % 6,5 murriztu direla esan nahi du horrek, 2017ko batez besteko loaldiarekin alderatuta (9,5 ordu). 2021ean, Euskadiko haurren ia % 92k Espainiako Pediatria Elkarteak (AEP) gomendatutakoa baino ordu gutxiago egiten zuten lo (egunean 10 ordu lo egitea gomendatzen du elkarteak, 3 urtetik 18ra bitarteko adin-tartean), COVID-19a agertu aurretik baino % 22 gehiagok, hain zuzen.

Zenbat eta denbora gehiago pasatu pantaila aurrean, orduan eta txikiagoa da ariketa fisikoa egiteko probabilitatea, eta orduan eta handiagoa janari osasungaitzak jatekoa. Pantaila aurrean 3 ordu baino gehiago pasatzen dituzten haurren erdiak baino gehiagok ez du inoiz ariketa fisikorik egiten. 
Errenta-desberdintasunak jarduera fisikoarekin lotuta aztertzen baditugu, ikusiko dugu errenta altuko familien % 70etan haur eta nerabeek jarduera fisikoren bat edo kirolen bat erregulartasunez egiten dutela (astean edo hilean hainbat aldiz). Dena den, jarduera maila hori errenta txikiko familien % 30ean lortzen da soilik. 

Eskoletako jantokiak, elikadura-ohitura osasungarriak barneratzeko bidelagunak

Euskadiren kasua apartekoa da jantokiko beharren arloan, jantokiko zerbitzuaren estaldura beken bidez egiten baitu: pobrezia-egoeran dauden familia guztiengana iristen den autonomia-erkidego bakarra da. Estatuan, Haur Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen lautik hiruk (% 74,5ek) eskola-jantokia erabiltzen dute; Lehen Hezkuntzako ikasleen % 78,3k, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako haurren % 36,1ek. Ikastetxe pribatuen edo itunpekoen kasuan, % 71,4k, % 68,3k eta % 44,6k, hurrenez hurren.

“Kalitatezko eskola-jantokiek otordu osasungarria bermatzen dute, baina ez dago familia guztien eskura. Jantokiko bekek zerbitzu horretako sarbidea demokratizatzen dute”, azaldu du Arranzek. Horrez gain, erantsi du beka bat eskuratzeak ez duela  adierazten beti egunean otordu osasungarria egitea, zerbitzu horren administrazioaren kudeaketa izugarri aldatu baitaiteke autonomia-erkidego batetik bestera. Alde horiek begien bistan agertu ziren 2020ko pandemiaren hasieran ikastetxeak itxi zirenean, haur askoren eguneko otorduan eragin nabarmena izan baitzuen zerbitzuaren kudeaketa administratiboak.

Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak dioenez, haurren % 27,4 daude pobrezia-egoeran Espainian, baina % 11,2k baino ez dituzte jasotzen jantokiko bekak. Autonomia-erkidegoen artean, alde nabarmenak daude: Euskadik erabateko estaldura eskaintzen du, bere pobrezia-tasatik gorakoa; aldiz, Murtzia, Melilla, Balear Uharteak eta Kantabria haur horien % 5 ingururengana iristen dira soilik.

Haurren obesitatea geldiarazteko, agintarien inplikazio handiagoa behar da

Save the Childrenek zenbait aholku eta jardunbide egoki biltzen ditu bere txostenean, obesitatea eta gehiegizko pisua duten haurren eta nerabeen ehunekoak iraultzeko. Behar-beharrezkoa da Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia ebaluatzea, eta zergen arloan ere gogoz saiatzea, esate baterako, osasunerako kaltegarriak diren elikagaiei fiskalitate zorrotzagoa aplikatuz, eta elikadura osasungarriari, berriz, onuragarriagoa ezarriz; izan ere, jada ikusi da funtzionatu egiten duela.

Eskolaren eremuan, eguneroko otorduen eskaintza zabaltzea eta gosaria ere sartzea eskatu du Save the Childrenek, nutrizio-arloko prestakuntza eta informazio-kanpainak bultzatuz horretarako, haurren artean gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitzeko programak bultzatuz eskoletan, edota familia ahulentzat eskolaz kanpoko kirol-jarduerak finantzatuz.

Gainera, osasun-arloan dietistaren figura arautzea eskatzen du, eta diziplina anitzeko taldeak sortzea, haurren obesitatearen aurka borrokatzeko; horrela, elikadura-ohitura eta bizi-estilo osasungarriak erdietsiko dira, eta haur guztien bizi-kalitatea sustatuko du horrek. Osasunari buruzko estatistikak hobetu behar dira, halaber, eta haurren gehiegizko pisuaren eta obesitatearen kalkulua bateratu behar da, dauden irizpide guztien arabera.

“Lodifobiaren eta estereotipoen aurka borrokatzea oinarri-oinarrizkoa da haur eta nerabeentzat inklusiboagoa izango den gizarte bat eratzeko. Baina horrek ez du esan nahi elikadura-ohitura onak eta elikadura-osasuna sustatu behar ez direnik, eta gehiegizko pisua kontuan hartu beharreko faktoreetako bat da”, esan du amaitzeko Arranzek.

SAVE THE CHILDRENI BURUZ

Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik ari da, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.

Estatuan, duela 30 urte baino lehenagotik ari da lanean, egoera ahulenetan dauden haurrei laguntzeko programetan eta batik bat pobrezia-arriskuan edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden haurrekin. Espainian abian dituen programen bidez, arreta integrala eskaintzen zaie haurrei eta haien familiei, bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketak ez diezaien eragotzi beren eskubideez gozatzea eta, aldi berean, beren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten.