Sexu-abusuak adingabeei: hamar kasutatik zortzitan, erasotzailea ezaguna edo familia ingurunekoa da

  • Save the Childrenek haurren kontra azkenaldian izan diren sexu-abusuei dagozkien 400 bat epai judizial aztertu ditu azterlan baterako, eta horietatik 46 dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak.
  • Azterketan jasotzen denaren arabera, haurrek batez beste 11 urte inguru dituztenean hasten dira abusuak, eta aztertutako kasuen % 80,3tan, biktima neskak dira, haur eta nerabeak; Euskadin, % 80,4 dira.  
  • Abusatzaileen % 96k ez dauka sexu-indarkeriarekin lotutako aurrekari penalik  
  • Save the Childrenek gogorarazi du ezinbestekoa dela epaitegi espezializatuak izatea, edozein indarkeria motaren eta, nola ez, sexu-abusuen biktima diren haurren eskubideak bermatzeko.

Txostena: https://www.savethechildren.es/sites/default/files/2023-10/Por_una_justicia_a_la_altura_de_la_infancia_STC.pdf 
Komunikabideetarako materialak:  
https://prensasavethechildren.smugmug.com/Nacional/Violencia/Informe-Por-una-justicia-a-la-altura-de-la-infancia

Bilbo/Madril, 2023ko urriak 5. Haurren kontrako sexu-abusu kasuen hamarretik zortzitan, erasotzailea familia-inguruneko norbait edo haurrak ezagutzen duen norbait da, eta abusatzaileen % 96ek ez du sexu-indarkeriarekin lotutako aurrekari penalik. Save the Childrenek kaleratu berri duen txosten honetako datuak dira: Haurrek merezi duten justizia baten alde. Espainian haurren kontra izan diren sexu-abusuei buruzko epaien azterketa. Txostenerako, Espainian indarkeria mota horrekin lotuta izan diren kasuei dagozkien 400 bat epai judizial aztertu dira.

Euskadin, 46 epai aztertu dira, eta ikusi da biktima gehienak neskak direla, % 80,4. Adinari dagokionez, 10 urtetik 14ra bitarteko adin-tartea nabarmentzen da, kasuen % 63tan. Familia-inguruneari % 43,5 kasu dagozkio. Erasotzaileen % 34,8 biktimak ezagutzen dituen pertsonak dira, eta % 21,7 ezezagunak dira. Horrez gain, prozesuak 2-3 urte iraun zuen kasuen % 23,9tan (maiztasun handieneko ehunekoa) eta kondenak, berriz, aztertutako kasuen % 89,1 ezarri dira.

Erakundeak gogora ekarri du sexu-abusua haurren eta nerabeen kontrako indarkeria mota larrienetakoa dela, eta, horrez gain, ezkutuen geratzen da askotan. Barne Ministerioak emandako azken datuen arabera, 2021ean, biktimak haur eta nerabeak ziren 8.317 salaketa aurkeztu ziren sexu-askatasunaren aurkako delituengatik. 

Datu horiek icebergaren tontorra baino ez dira; izan ere, sexu-abusuen % 15 inguru soilik salatzen dela jotzen da. Oraindik ere, jende askok uste du horrelako kasurik ez dela gertatzen ia, eta gure inguruan haur batek abusuak jasango balitu, konturatuko ginatekeela; baina beste zerbait erakusten dute, argi eta garbi, datuek”, dio Catalina Perazzok, Save the Childreneko Gizarte Intzidentziaren eta Haurtzaroari buruzko Politiken ataleko zuzendariak. 

Azterketan jasotzen denaren arabera, haurrek batez beste 11 urte dituztenean hasten dira abusuak, eta aztertutako kasuen % 80tan baino gehiagotan, biktima neska bat da, haur edo nerabea. Gainera, esponentzialki handitu da prozesuen iraupena. Aurrez aztertutako epean, prozesuen %  67,3 bi urte inguruan amaitu ziren. Aldiz, orain epe horretan amaitzen direnak %  23,5 baino ez dira.

Datuek argi erakutsi dute, gainera, biktima batzuek behin baino gehiagotan deklaratu behar izan dutela, eta epaiketa aurretik hiru bider deklaratzera ere iritsi dira: poliziaren aurrean, fiskaltzaren aurrean eta epaitegian. Kasuen % 24,9tan ziurtatu da aurrez eratutako froga erabili zela, hau da, lekukotzaren grabazioa, deklarazioa behin eta berriz errepikatu beharrik ez izateko.
Horixe da Carmenen kasua; cadiztarra da Carmen, 26 urtekoa, eta sexu-abusuetatik bizirik atera da; 10 urte zituenetik 14 urtera bitartean, sexu-abusuak egin zizkion bere aitonak. Carmenek 17 urte zituenean salatu zuen, eta bost aldiz deklaratu behar izan zuen, hainbat erakunderen aurrean. “Prozesuan, gurasoak eta ahizpak ondoan nituela sentitu nuen; baina justizia eta gainerakoak, ez, ez zidaten lagundu. Ez zidan inork lagundu, ez zidan inork esan nora joan behar nuen, zer egin behar nuen… ezer ez. Deklaratu nuen, baina presio handia sentitu nuen”, kontatu du.   

Haurrek merezi duten justizia

Save the Childrenek gogora ekarri du behar-beharrezkoa dela gobernuak berariazko legedia egitea bidea urratzeko eta, bide horretatik, indarkeria mota ororen (eta, beraz, sexu-abusuen) biktima izan diren haurren eskubideak bermatuko dituen justizia espezializatu horretara iristeko; legedi horren beharra jasotzen du duela bi urte Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Babesteko onartutako Lege Organikoak. 

Zehatz-mehatz, neurri hauen bidez egin behar da hori:

  • Indarkeriaren biktima diren haurrei arreta emateko epaitegi espezializatuak ezartzea.
  • Haurren aurkako indarkeria kasuetarako fiskaltza espezifiko bat sortzea, biktima haur bat duen prozesu orotan parte hartuko duena.
  • Eragile juridiko guztiei hasierako eta etengabeko prestakuntza ematea.
  • Biktimei laguntza juridikoa ematea, prozesua hasten denetik amaitu arte laguntza emanez eta legeak zehazten duen kasuetan doakotasuna ziurtatuz.

Gainera, justiziaren espezializazio horren oinarrizko alderdietako bat aurrez eratutako frogak eta azterketak egitean datza, beharrezkoak ez diren jarduketak eta deklarazioak kentzeko eta biktima berriro biktima bihurtzea saihesteko.
“Haur baten kontrako sexu-abusuaren froga nagusia biktimaren deklarazioa da. Horregatik, ezinbestekoa da baliabide egokiak izatea, deklarazioa hartzeko eta epaiketan erabili ahal izateko. Ez da bidezkoa haurrak gertatua behin baino gehiagotan kontatu behar izatea, eta gaur egun maiz gertatzen den zerbait dela ikusi dugu”, dio Perazzok.

Haurren etxeak

Autonomia-erkidego guztietan Europako iparraldeko Barnahus eredua (“haurren etxea” esan nahi du islandieraz) ezartzearen alde dago Save the Children; arreta integraleko eredu bat da, non haurren kontrako sexu-abusu kasu batean esku hartzen duten erakunde guztiek koordinatuta lan egiten duten elkarrekin eraikin berean, haurra bigarren aldiz biktimizatzea saihesteko. 

Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Save the Childrenen aholkularitzarekin, proiektu pilotu bat gauzatzeko talde eragilea jarri zuen abian 2021ean, haren bidez haur eta nerabe adingabeei arreta integral eta espezializatua emateko. Eredua biribildu eta lan egiteko modua zehaztu da, haurren kontrako abusuei buruzko prestakuntza-lantegiak egin dira, bilerak egin dira munduan zehar dauden beste Barnahus etxe batzuetako eta sektoreko kideekin, eta, horren guzti horren ostean, Barnahus eredu pilotua abian jartzekotan dira Gasteizen hurrengo hilabeteetan. 

Euskadiko eredu honetan, gizarte-zerbitzuak oinarrizkoak dira Barnahus ereduaren zerbitzuetara iristeko. Hortik abiatuta hasiko dira gainerako eragileak: epaitegi eta poliziaren esparrukoak, biktima arriskuan badago; hezkuntzakoak, askotariko baliabideak izango baitituzten haurren kontrako indarkeria kasu posibleak identifikatzeko eta, hala denean, dagozkien udalerrietako gizarte-zerbitzuei horren berri emateko; eta osasun-arlokoak, hauek jada lehendik protokolo bat egina baitute eta, orain, koordinatu eta Barnahus eredura egokitu beharko baitute.

Katalunian, Tarragonan zehazki, 2020an lehen Barnahus etxea ireki zenetik, bide horri heldu diote, EAEk ez ezik, beste hainbat autonomia-erkidegok ere, hala nola Andaluziak, Kantabriak, Valentziako Erkidegoak, Madrilgo Erkidegoak, Balear Uharteek edo Nafarroak. Horrez gain, Europar Batasunak eta Europako Kontseiluak 2022tik 2024ra bitarterako Espainiako Barnahus eredua elkarrekin lantzeko egin duten proiektuak (Eskubide Sozialak eta 2030 Agenda Ministerioarekin lankidetzan garatu da) legeen eta politika publikoen esparrua hobetzea du xede, ildo horretatik eredu hau txertatzeko autonomia erkidegoetan. 

“Aurreko legegintzaldian, jada hiru lege-proiektu abiarazi ziren justizia-sistema berritzeko, eta, nahiz eta ez zegoen berariazko lege-proiektu bat horretarako, aukera paregabea adierazi zuten horiek haurren eta nerabeen kontrako indarkerian espezializatutako justizia bat eratzeko. Hurrengo lau urteek haurrei begiratzeko legegintzaldia izan behar dute behin betiko, eta justizia sistema osoak haurren egoeraren neurrira egon behar du”, erantsi du Perazzok. 

SAVE THE CHILDRENI BURUZ

Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari da lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen bermatzeko. Gaur egun, 115 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean, eta, Euskadin, duela 20 urte baino lehenagotik ari da, arlo politikoan eta sozialean jarduera ugari garatuz nahiz hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.

Estatuan, duela 30 urte baino lehenagotik ari da lanean, egoera ahulenetan dauden haurrei laguntzeko programetan, eta pobrezia-arriskuan edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden haurrekin batik bat. Espainian abian dituen programen bidez, arreta integrala eskaintzen zaie haurrei eta haien familiei, bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketak ez diezaien eragotzi beren eskubideez gozatzea eta, aldi berean, beren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten.