Uda ezinezko “tetris” bat da familientzat: udalekuen kostuak zaildu egiten du Euskadin kontziliazioa eta areagotu egiten du haurren arteko desberdintasuna

  • Seme-alabak dituzten bost etxetik batean ez dute udalekuetara joateko aukerarik.
  • Save the Childrenek martxan jarri ditu, beste urte batez eta estatu osorako, pobrezia eta gizarte-bazterkeria egoeran diren 3 urtetik 17 urtera bitarteko 1.500 haur baino gehiagorentzako udako hiri-koloniak eta udalekuak. 
  • Ekaina eta uztaila bitartean 60 neska-mutilek giro osasuntsuan hartu zuten parte Save the Childrenek Barakaldon duen zentroan antolatutako kirol-, aisialdi- eta kultur-jardueretan.
     
Colonias Euskadi

Komunikabideetarako baliabidea: Udalekuetako argazkiak

Bilbo, 2026ko ekainaren 30a. Milaka haurrek udaz atsedenaldiko, aisialdiko eta aurkikuntzarako denbora gisara gozatzen duten bitartean, oporrek kezka-iturri jarraitzen dute izaten euskal familia askorentzat. Haurren pobreziak gora egin duenez eta kontziliaziorako zailtasunak daudenez, udako jardueretarako aukera ez dago etxe askoren eskura.

Save the Childrenek gogoratzen du Euskadiko haurren egoerak okerrera egin duela azken urteotan. 2025eko PGDIren (Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkesta) arabera, haur-pobreziaren adierazle guztiek okerrera egin dute 2022ko urtekoaren aldean. 15 urtetik beherako haur-pobreziaren indizea populazio heldu osoaren baino ia-ia halako bi da.

Haurren pobrezia %77 igo da Euskadin 2022ko urtearekin alderatuta, agerian utziz susperraldi ekonomikoa ez dela ari berdin heltzen familia guztiengana. Datuek zera erakusten dute, errealitate hori larriagotzen doala hobera egin beharrean, zainketarako alternatiben kostua igo egin delako, udalekuena, esaterako.

Horrez gainera, azkeneko Bizi Baldintzen Inkestaren (2025eko BBI) datuek diotenez, seme-alabak dituzten euskal etxeen %20,9k ezin du hartu astebeteko oporraldi bat urtean. Egoera horrek 64.435 inguru haurri eragiten die Euskadin. Eta zifra nabarmen handiagoa da guraso bakarreko familiez denaz bezainbatean, horien %48,3 egongo bailitzateke egoera horretan. Haur eta nerabe horietako askok udan ez dute beren garapenean eta ongizatean lagunduko duten aisialdi-, kirol- edo kultur-jardueretarako aukerarik.

Oporrak haurren eskubide bat dira, ez dira luxu bat. Haur guztiek izan behar lukete udaz gozatzeko, jolasteko, lagunak egiteko eta bazter berriak ezagutzeko aukera, edozein dela ere beren familien egoera ekonomikoa”, adierazi du Euskadiko Save the Childreneko zuzendari Charo Arranz-ek.

Kontziliazio eskasa eta berdintasunik gabea
Horren haritik, udako oporretan haurren garapen emozional, sozial eta kognitiboaren garapenerako zerizanezko aukera batzuk eskaintzeaz gain, oporrak funtsezko elementu bihurtu da gurasoek lanean jarraitu ahal izan dezaten. Egitez, hiru familiatik bik udalekuak erabiltzen dituzte kontziliazioa gauzatu ahal izateko, EAE Business School erakundearen datuen arabera. Familia guztiek, ordea, ez dute horretarako aukerarik. Zerbitzu horiek, 2025eko BBIk dioenari jarraituz, ez daude seme-alabak dituzten euskal etxeen %20,9ren esku. Izan ere, haur bakoitzeko kostua 200 eta 2.000 euro bitartean ibili ohi da udan, eta gauak barne dituzten kanpamentu pribatuen kostuak aise gaindi ditzake 600 euro astean haur bakoitzeko, zifra eskuraezina, edonola ere, familia askorentzat.

Euskadin gastu horrek izugarrizko ahalegina eskatzen die familiei, haur baten hazkuntzaren urteko gastuaren %13raino hel baitaiteke, antolakundearen kalkuluen arabera. Kontuan izanik hazieraren hileko kostu osoa, Euskadin, 885 euro inguruan dabilela seme-alabako, jarduera horiek familia gehienen ahalmenetik kanpo daude.

“Udalekuak ja ez dira aisialdiko aukera bat familia askorentzat: udan lan egin ahal izateko aukera bakarra dira. Alabaina, horiek duten prezioak baliabide eskuraezinak bihurtzen ditu, eta horrek larriagotu egiten ditu desberdintasunak haurtzarotik”, adierazi du Arranzek.


Familiek ez dutenean eskura halako baliabiderik, irtenbide prekarioak aurkitzera beharturik daude; adibidez, senideen laguntza informala, lanaldi-murrizketak edo, are, lana aldi baterako uztea.

Emakunderen duela gutxiko txostenaren (2024) arabera, seme-alabak zaintzeko eskatutako lan-utzialdien %87,1 emakumeei eman izan zaie. Horrek erakusten du kontziliazioa udan ere emakumeen gain dela gehien batean, eta egungo politikak ez direla nahikoak. “Udak egiturazko arazo bat uzten du agerian: ez dago nahiko laguntza publikorik familiek pobretu gabe edo beren enpleguari uko egin gabe zaindu ditzaten beren seme-alabak”, azaldu du Arranzek.

Udalekuak: familientzako irtenbide bat
Errealitate horren aurrean, Save the Childrenek udako bere hiri-koloniak jarri ditu beste urte batez martxan Euskadin, pobrezia edo gizarte-bazterkeria egoeran diren haur eta nerabeentzat.

“Sarritan, zailtasun ekonomikoak bizi dituzten familiek uko egin beharra diote aisialdiko jarduerei. Gure programen bidez alternatiba bat eskaintzen dugu haur horientzat, adibidez txangoak naturara, bisita kulturalak, igerilekuetara joatea edo sentsibilizazio-tailerrak”, dio Arranzek.

Save the Childrenek udako kanpaina “La Caixa” Fundazioarekin elkarlanean egiten du CaixaProinfancia programaren barruan, eta Espainiako toki ezberdinetako haur kalteberei zuzentzen da. Costco Wholesale-ren laguntza ere badu horretarako United Way España erakundearen bidez, eta baita Leroy Merlinena ere. Bi enpresa horiek konprometituta daude haurren pobreziaren kontrako borrokarekin.