Zazpi erakunde koordinatuta ari dira lanean, Frantziako, Italiako eta Espainiako mugetan giza salerosketari aurre egiteko

hero_Proyecto-EVA.jpg

 

MADRIL/ERROMA/PARIS, abenduak 28 - Haurrak dira gero eta neurri handiagoa hartzen ari den fenomeno honen biktima ikusezinak. Droga eta Delituaren aurkako Nazio Batuen Bulegoak (UNODC) eman dituen azken datuen arabera, Europan giza trafikoaren hiru biktimatik bat adingabea da. 2017tik 2021era bitartean, Espainian, giza salerosketaren biktima izan ziren 5.858 pertsona, eta haurrak ziren horietatik ehun. Gure herrialdea, tradizioan, igarobide eta helmuga izan da giza salerosketaren biktimentzat, eta, horren ondorioz, giza salerosketa jarduera kriminal errentagarrienetariko bihurtu da, batik bat sexu-esplotazioarekin lotuta. Horixe adierazten dute zifrek, pertsonen trafikoaren biktima izan direnen % 61 sexu-esplotazioaren biktima izan baitira.    

Zazpi erakundez osatutako partzuergo batek, Save the Childrenen gidaritzapean, honako proiektu hau abiarazi du Espainian, Frantzian eta Italian: "Giza salerosketaren biktimen identifikazio goiztiarra eta babesa muga-inguruneetan" (Early identification and protection of Victims of trafficking in border Areas, EVA, ingelesez). Helburua hauxe da: hirugarren herrialdeetako 18 urte bitarteko neska-mutilak eta 30 urte bitarteko neska gazteak (umedunak edo umerik gabekoak), salerosketatik bizirik atera direnak edota berriro salerosketa horretan erortzeko arriskuan daudenak, esplotazio horretatik askatzeko bideak bermatzea. 

Antzeko ezaugarriak ditu pertsonen salerosketak edo trafikoak mundu osoan: Europar Batasunean bizi-baldintza hobeak izango dituztela promes eginda, beren jatorrizko herrialdeetan errekrutatzen dituzte immigranteak, eta askotariko salerosketa moduen biktima bihurtzen dira, bai igarobideko herrialdeetan eta bai helmugakoetan. Italian, Espainian eta Frantzian giza salerosketaren kontra lanean diharduten gizarte zibileko 6 erakunde bildu ditu proiektuak, Salerosketaren aurkako Laguntza Ildo Italiarrarekin batera: Save the Children España eta Save the Children Italia; Veneto eskualdeko Salerosketaren aurkako Laguntza Ildo Italiarra eta Consorzio Agorà Italian, eta Association Réflexion Action Prévention-communautaire, France Terre d'Asile eta Mission d'Intervention et de Sensibilisation contre la Traite des êtres humains- MIST Frantzian.   

Proiektuaren bidez, babesleku seguru batean sarbidea eman nahi zaie giza salerosketatik bizirik atera diren pertsonei (eta horien seme-alabei, halakorik badute); giza salerosketako sareen kontrol eta indarkeriatik aske izan daitezen eta babes-programei buruzko informazioa izan dezaten, tokian tokiko zerbitzuetara bideratzeko dauden aukeren berri emateaz gain. 

“Adin txikiko haurrak Espainiara iristen dira, gurasoak direla dioten helduez lagunduta; eta egiten diren ahaleginak ez dira nahikoa ahaidetasun hori egiaztatu ahal izateko. Egoera oso larria da muga inguruetan, Irunen (Euskal Autonomia Erkidegoa), esaterako. Espainiako estatuaren lurretara egoera irregularrean haur bat iristen den bakoitzean, arrisku-egoera baloratu behar da, ikerketa egokia egin behar da, eta babes-neurri eraginkorrak hartu behar dira”, dio Charo Arranzek, Euskadiko Save the Childrenen zuzendariak.   

2023tik 2024ra, estrategia nazional eta transnazional eraginkor eta jasangarriak garatuko dira, biktima izan daitezkeen haurrak eta emakumeak ahalik eta bizkorren identifikatzeko eta horiei babesa emateko, Italiaren eta Frantziaren arteko eta Espainiaren eta Frantziaren arteko muga-inguruneetan ez ezik, baita Parisen eta Italiarekiko eta Espainiarekiko frantziar mugetatik gertu dauden harrera-zentroetan ere (Paris Île-de-France, Okzitania, Proventza-Alpeak-Kosta Urdina).   

Giza esplotaziorako eta salerosketarako arrisku handia duten mugako inguruneetara dago bideratuta EVA proiektua. "Giza salerosketaren biktima gehienak sexu-esplotaziorako erabili nahi ziren; baina beste salerosketa modu batzuk ere gero eta gehiago hautematen dira, gatibu-lanekin lotutakoak, esaterako, edo borroka armaturako haurrak erabiltzearekin, delituak egitera bideratutakoekin edo behartuta eskean ibiltzearekin lotuta. Sexu-xedeetarako giza salerosketen esparruan, eta mundu guztian gertatzen denaren ildotik, emakumeak eta neskak dira biktima gehienak; biktima guztien %93 emakumeak izan ziren Espainian iaz", azaldu du Arranzek. 

Italiako egoera  

Lehen helmuga izan ohi da Italia, baina migratzaile gehienek igarobideko herrialde gisa jotzen dute hara. Herrialde horretatik irteteko ibilbideetako bat Liguria-Proventza ardatza da. Oro har, Ventimiglia hiritik zeharkatu ohi dute muga migratzaileek, eta Proventzako hirietan geldialditxo bat egiten dute Pariserako, Frantziako beste hiri batzuetarako edo Espainiarako bidean.  Inguru horretan, askotariko esplotazio moduekin (sexu-esplotazioa nahiz lanekoa, esaterako) lotutako giza salerosketaren biktima izan daitezkeen pertsonak trafikatzaileen kontrolpean egoten dira maiz. 

2021. urtearen amaieran, Italiako Save the Children taldeak ebaluazio bat egin zuen, Italiatik Frantziara bitarteko mugan adingabeek eta umedun emakumeek giza salerosketaren atzaparretan erortzeko zer arrisku zituzten jakiteko. Ebaluazioak erakutsi zuen bazela Boli Kostako neska eta emakume gazteen mugimendu bat (bakarrik edo umeekin zihoazenena), giza trafikoaren biktima izan zitekeena edo arriskuan zegoena. Gainera, ikusi zen Nigeriako neska eta emakume gazte asko, umedunak, giza salerosketaren biktima  izan zitezkeela.  

Espainiako egoera  

Lehen helmuga izan ohi da Espainia, baina migratzaile gehienek igarobideko herrialde gisa iristen dira. Espainiatik irteteko erabiltzen den bideetako bat Irunen eta Baionaren arteko muga da. Oro har, Irun hiritik zeharkatu ohi dute muga migratzaileek, eta geldialditxo bat egiten dute hiri horretan, Parisera, Frantziako beste hiri batzuetara edo beste herrialde batzuetara bidean.   

Italiaren eta Frantziaren arteko mugari baino arreta txikiagoa jarri arren, Espainiaren eta Frantziaren arteko mugan ere gora egin du migratzaileen trafikoak eta salerosketak, eta bereziki Nigeriako, Boli Kostako eta Gineako migratzaileekin dago lotuta, Europara Espainia hegoaldeko mugatik sartzen direnekin, hain zuzen. Espainiako Save the Childrenek hainbat froga bildu ditu, Espainian dauden haur, nerabe eta horien familiak salerosketaren biktima izan daitezkeela erakusteko.  

Zaurgarritzat hartzen diren profil gehienek edo lehen harrerako guneetan eta Europako hegoaldeko mugako (Espainia) gune seguruetan esplotazio eta abusuen seinaleak dituzten gehienek (Andaluzian eta Kanarietan, itsasoz, eta Melilla, lehorretik) maizago jartzen dute arriskuan beren bizitza bidaia arriskutsuak eginez beste herrialde batzuetara iristeko, Frantziara, gehienetan. Iparraldean identifikaziorako eta babesa emateko esku-hartze seguruak garatzea lagungarria izan daiteke gaur egun beste jarduera batzuk osatzeko, eta, horrela, esku-hartze osoagoak bermatzeaz gain, giza salerosketa kasuen identifikazio eraginkorragoa egingo litzateke. 

Frantziako egoera  

Italiaren eta Espainiaren artean kokatutako herrialde hau helmugako herrialde nahiz igarobideko herrialde da Italiatik edo Espainiatik doazen eta giza salerosketaren xede diren migratzaile askorentzat. Frantziari buruzko GRETAren txostenean (2022) nabarmendu denez, giza salerosketen biktima gehienek (immigrante irregularrak gehiak), “ez dute giza salerosketako ekintzarik salatzen agintari eskudunen aurrean, batik bat trafikatzaileen errepresalien beldur edo Frantziatik kanporatuko dituzten beldur direlako". Txosten horretan argi azaldu da Frantzian giza trafikoaren aurka egin diren ahaleginak ez direla nahikoa oraindik, eta giza salerosketatik bizirik irten direnak identifikatzeko, babesteko eta laguntza emateko moduak hobetu behar direla lehenbailehen. Frantziak ez du biktimak identifikatzeko eta bideratzeko mekanismo nazional bat, eta Europan horrelako mekanismorik ez duten azken herrialdeetako bat da; horrek berak, noski, zaildu egiten du biktimak identifikatzea eta modu eraginkor batean babestea. Horren ondorio da, bestalde, Frantzian giza salerosketak duen prebalentziari buruzko zifra argirik ez izatea. Horrelako gaien ardura duen ministerioak, herrialdean giza salerosketaren biktimen prebalentzia zer-nolakoa den jakiteko, erakunde espezializatuek emandako datuak biltzen ditu soilik; eta arazoa gutxiestea dakar horrek.    

Erakunde horiek ere mekanismo nazional baten zain daude (Espainia edo Italiakoaren antzekoa), giza salerosketaren biktimak babesteko mekanismo horren bidez. Gaur egun, agintarien aurrean salaketa formal bat jarrita soilik lortu dezakete babesa, eta eragozpen handia da hori biktima gehienentzat. (Gainera, agintariek ez dute giza salerosketaren biktimak  identifikatzeari buruzko prestakuntzarik, eta,  batzuetan, uko egiten diote salaketa aurkezteari).     

Biktima batzuek asiloa eskatzen dute Frantzian, nigeriar trafikatzaileek egindako sexu-esplotazioaren biktima diren emakumeek batik bat. Sarea utzi ondoren, iheslariaren estatutua eman diezaiokete, baina Frantziako Asilo Auzitegi Nazionalak gero eta eragozpen gehiago jartzen ditu bizirik atera direnei estatutu hori aitortzeko. Asilo-prozesua gero eta gehiago manipulatzen dute trafikatzaileek, eta asiloa eskatzera behartzen dituzte biktimak, horrela aldi baterako bizileku-baimenaren eta hileroko laguntza baten onura izan baitezakete; horrez gain, asiloa eskatzen dutenek harrera-etxe batean babesa hartu dezakete. Beraz, eta GRETAren gomendioei jarraiki, EVA proiektuaren bidez, harrerako zentro horietako langileak prestatu nahi dira, biktimen identifikazio goiztiarra egiteko.    

2024ko Parisko Olinpiar Jokoen bezperan, badirudi segurtasun handiagoaren bila dabiltzala frantziar agintariak. Dena den, segurtasuna xede hartuta, lurralde horretan lanean ari diren erakundeek sumatu dute gero eta handiagoak direla poliziaren presentzia eta emakumeen kontrola prostituzio-eremuetan. Gogoan izan sexu-esplotazioa jasaten duten emakumeak giza salerosketaren biktima direla, eta biktimatzat hartu behar direla, ez delitugiletzat. Trafikatzaileen sare kriminalak harrapatzera bideratu behar dira ahaleginak.