Zenbait gako, Ukrainako haurrei laguntzeko

Azken aste hauetan, milioi bat haurrek ihes egin dute Ukrainatik, eta errefuxiatuen % 50 baino gehiago dira. Muga inguruetatik datozen berrien arabera, familia-erreferenterik gabe ari dira iristen haur batzuk, Ukrainatik irten ezin ziren senitartekoek bidalita, beren seme-alabak lurreko eta aireko erasoetatik babestu nahi baitzituzten horrela. Beste kasu batzuetan, etxetik ihes egitean bizitako kaosaren ondorio da haur horiek familiengandik banandu izana. Bakarrik iritsi diren horietako askok 14 urte baino gutxiago dituzte, eta larritasun emozionalaren zantzuekin datoz. Beraz, esan dezakegu krisia areagotzen ari dela haurren babesaren arloan, larrialdiko egoera betean, eta hasi dira jada esaten XXI. mendeko Europako errefuxiatuen krisirik larriena hauxe dela.

Ukrainatik iristen ari den informazio horri guztiari jarraiki, Euskadin gero eta pertsona gehiagok eskaini dute beren burua familia horiei, babes bila dabiltzan haur horiei, laguntzeko. Pertsona horiek bizi dituzten tragediei buruz iristen den informazio ugariaren aurrean, herritarrak era askotara ari dira beren elkartasuna adierazten; horietako batzuek beren etxeetan haur errefuxiatuak hartzeko nahia erakutsi dute. Dena den, harrera-prozesua ez da erraza. Faktore asko hartu behar dira kontuan, lege-arlokoak eta administraziokoak batik bat, autonomia-erkidego bakoitzaren mende daudenak eta hark kudeatu beharrekoak, estatuko gobernuarekin koordinatuta, hala dagokionean. 

Save the Childrenek herritarrei bide ofizialak erabiltzeko gonbita egin nahi die, ematen den laguntza eta elkartasuna zuzen bideratzeko sortutako bide ofizialak erabiltzekoa, errefuxiatuen eta haurren babesean eskumena duten erakundeen bidez, zehazki, hala, Ukrainako haur eta nerabe errefuxiatuen zaurgarritasuna ez areagotzeko. Horretarako, honako helbide elektronikoa gaitu du Eusko Jaurlaritzak:  errefuxiatuak@euskadi.eus.

Kasu bakoitzean, edozein harrera mota gauzatu aurretik, banan-banan aztertu behar da harreran hartuko den haur bakoitzak bizi duen egoera, eta familia bakoitzak zer ahalmen dituen. Kontuan izan behar da, gainera, haur horrek oraindik familia badu, familiaren ondoen egon nahi izango duela haurrak, eta, horregatik, lotura horri eusteko ahalegin guztiak egin beharko dira.

Save the Childrenen, ikusten dugu gero eta interes handiagoa dutela askok laguntzeko konpromisoa hartu eta gauzazko dohaintzak egiteko. Horrelako jarduera guztien abiapuntua eskuzabaltasuna izan arren eta gizarteak laguntzeko duen borondatearen erakusgarri badira ere, badakigu, nazioarteko erakunde humanitario gisa dugun ehun urtetik gorako esperientziari esker, laguntza horiek ez direla oso eraginkorrak izaten horrelako testuinguruetan; izan ere, egungo larrialdian, etengabe aldatzen da eszenatokia, eta ezin zaie beti bildutako ondasunekin erantzun lurralde horietako beharrei. 

Beharrezkoa da ondo ulertzea nola funtzionatzen duen erantzun  humanitarioak horrelako krisi batean. Ukrainaren mugan dauden zenbait herrialderekin lanean ari gara Save the Childrenen, haurrei eta haien familiei funtsezkoa den laguntza humanitarioa emateko. Era askotara ari gara: laguntza psikosoziala eskainiz, neguko kitak eta higienekoak emanez, janaria, berotzeko arropa eta ura banatuz, haurrentzat gune seguruak sortuz, jolas egin dezaten, ikas dezaten edota minarekin eta galerarekin bizitzen ikas dezaten. Larrialdi honetan, haurren osasun mentalean ere zuzenean ari gara lanean. Bestalde, familiei diru-transferentziak egiten ari gara, beren oinarrizko beharrak ase ditzaten (hala nola janaria, ura, jantziak eta sendagaiak).

Haurren babesari dagokionez, familiak aurkitzeko eta bateratzeko prozedurak ezar daitezen lanean ari gara, beste agentzia batzuekin batera, haurrak eta beren familiak edota lagunak Polonian edo auzoko beste herrialde batean elkartu ahal izateko.  

Bestalde, logistikak, materialak eta elikagaiak manipulatzeak eta igortzeak kostu bat dute, eta kudeatu egin behar da, esate baterako, izapide administratiboak betez, ondasunen jarraipena eginez eta iraungitze-datak kontrolatuz, paketatuz… Munduko edozein tokitatik milaka eta milaka lagunek gure webgunearen bidez (www.savethechildren.es) egiten dizkiguten dohaintzek asko laguntzen digute jada gehiegi sufritzen ari diren haur horiek guztiak babesten. Ezinbestekoa da guzti-guztion laguntza, behar dituzten hornigaiak eta gainerako laguntza guztiak lehenbailehen helarazteko. Haurrek lehentasun osoa izan dezaten lortuko dugu horrela, ez soilik larrialdi egoera honetan, krisi humanitario orotan baizik.