2050ean, izugarri handituko da klima-aldaketaren eta haur-ezkontzaren inpaktu bikoitzari aurre egin beharko dioten nesken kopurua

Save the Childrenek “Neskatoak ekaitzaren erdigunean: haien planeta, haien etorkizuna, haien soluzioak”, txostena aurkeztu du, urriaren 11ko Nesken Nazioarteko Egunaren kariaz.

Las primas Kpemeh y Kuji, ambas de 19 años, vuelven a casa cogidas de la mano en Kailahun (Sierra Leona). ©Shona Hamilton/SCI

 
Kpemeh eta Kuji lehengusinak (19 urte) eskutik helduta etxera bidean, Kailahun barrutian (Sierra Leona). ©Shona Hamilton/SCI

Txostena: Neskatoak ekaitzaren erdigunean: haien planeta, haien etorkizuna, haien soluzioak hemen eskuragarri.  

Beste zenbait txosten interesgarri: 1) Esperantzaren belaunaldia: 2.400 milioi arrazoi munduko klimaren eta desberdintasunen arazoei amaiera emateko, 2022; hemen eskuragarri. 2) Krisi klimatikoan jaioak, 2021, Vrije Universiteit Brussel erakundearekin batera; hemen eskuragarri.

Komunikabideetarako baliabideak: bi kasu-azterketa, *Kuji (19 urte) eta Kpemeh (19 urte). 

LONDRES/GENEVA, 2023ko urriak 10 – Gero eta neska gehiagok dute klima-aldaketaren eta haur-ezkontzaren inpaktu bikoitza jasateko arrisku larria, eta herena gehiago (% 33) izango dira 2050ean; ia 40 milioi izatera iritsiko dira, Nesken Nazioarteko Egunaren bezperako egun hauetan Save the Childrenek kaleratu dituen datuen arabera. 

Save the Childrenen txosten berriak −"Neskatoak ekaitzaren erdigunean: haien planeta, haien etorkizuna, haien soluzioak"− erakutsi du haur-ezkontzen bi heren inguru arrisku klimatiko handiko eskualdeetan (batez bestekoa baino arrisku handiagoa dutenetan) gertatzen direla.[1] 

Gaur egun, haur-ezkontzak eta klima-aldaketak[2] eragin handiena duten 10 herrialdeetan, 29,9 milioi neska (haur eta nerabeak) bizi dira, egin diren kalkuluen arabera; leku horietan dute, hain zuzen ere, haur direla ezkontzeko eta bizitza aldatuko dieten hondamendi klimatikoren bat jasateko arriskurik handiena.

Aurreikuspenen arabera, kopuru hori 39,9 milioira iritsiko da 2050ean[ii], eta herrialde horiek izango dute munduan biztanleria gazteena eta azkarren hazten dena.  

Krisi klimatikoaren inpaktua eta haur-ezkontzena bateratzeak larrialdiko guneak sorrarazi ditu Bangladeshen eta Saharaz hegoaldeko Afrikan, nesken eskubideak betearazteari dagokionez; izan ere, eremu horretan daude rankingeko lehen 10 herrialdeak. Afrika Erdiko Errepublika, Txad eta Ginea dira egoera larriena dutenak. Herrialde horietan, gero eta larriagoak eta ugariagoak dira muturreko fenomeno meteorologiko horiek, eta, horretaz gain, gatazkak dituzte beren lurraldean, pobrezia maila altua da, genero-desberdintasunak dituzte, eta goseteak ere bai.

Kpemeh-ek* (Sierra Leona) 12 urte zituen gizon batek harekin ezkontzeko nahia azaldu zuenean. Nekazariak zituen gurasoak, iraupeneko nekazaritzan aritzen zirenak, eta ezkontza hura onartzeko presioa jasan zuten, arrazoi ekonomikoengatik. Save the Childrenek lagunduta, ezkontza hura saihestea lortu zuen Kpemehek, eta neskek beren hezkuntza aldia amaitzeko duten eskubidearen defendatzaile amorratua da bere komunitatean:

"[Haur-ezkontzak] pobreziagatik gertatzen dira. Gizon batek dirua badu, olio-palmondoak landatzen baditu, esaterako, uzta bildu, prozesatu eta olioa saldu dezake, eta [neskaren] familia manten dezake, palmondo-olio pixka bat emanez ".

"Gizon batek nirekin ezkontzeko nahia agertu zuen, baina baztertu egin nuen nik. Hurrena, gurasoengana jo zuen, nirekin ezkondu nahi zuela esanez. Eskolara joaten nintzela esan nion. Ezkondu egin behar nuela erantzun zidan. Gizon batek mantenduko zaituela esaten badizu, ez duzu, bada, onartuko?”.

"Klima aldatu egin da, eta gure gurasoak nekazaritzatik bizi dira. Ez du euririk egiten dagokionean. Urtaro lehorrean nahiz eurite garaian egiten du euria; sasoia ez denean, euria hasten du, eta urtaro lehorrean berdin".

Ezkontza goiztiarrak oso ondorio larriak ditu neska baten bizimoduan. Gazterik ezkontzen diren neskatoek askoz aukera gutxiago dituzten eskolan jarraitzeko, eta horrek bizitza osoan eragingo dio ekonomikoki. Bakartu egiten dituzte, eta indarkeria fisikoa eta sexuala jasateko arrisku handiagoa dute. Ezkondutako neskatoek arrisku handiagoa dute haurdunaldian eta erditzean arazo larriagoak izateko ere.
Inger Ashingek, Save the Children Internationaleko zuzendari nagusiak, adierazi zuen argi eta garbi onartu behar dutela gobernuek, GKEek, NBEk eta enpresek krisi klimatikoak (gaur egungo gosetea barne) haurren eskubideen esparruan larrialdiko egoera sortu duela. Eta hauxe erantsi zuen:

"Ikerketa honek berriro erakutsi du krisi klimatikoa zenbateraino ari den arriskuan jartzen haurren eskubideak, neskatoen eskubideak bereziki”.

"Arrisku errealak dira neskentzat. Hondamendi baten ondoren datorren etapa kaotikoan, neskek jazarpena eta sexu-abusuak jasateko arriskuak izan ohi dituzte aurrez aurre; pilaketak eta zerbitzu seguruen faltak arriskuak dakarzkie. 18 urte betetzerako ezkontzera behartuta ikusten dute beren burua, beren familiak, hainbat urteko lehorteen ondoren erabat pobretuta, gosea pasatzen ari direnean eta nor elikatu eta antzeko erabaki ezin zailagoak hartu behar dituztenean”.

"Munduko krisi klimatikoa nesken bizimodua eta etorkizuna aldatzen ari da jada. Baina neskei horrenbesteko kaltea eragin arren, mundu osoko plan klimatikoen % 2k baino gutxiagok aipatzen dituzte neskatoak eta hartzen dituzte kontuan berariaz eta modu esanguratsu batean neska horien beharrak eta parte-hartzea.  Erronka horien aurrean, izugarrizko erresilientzia dutela ari dira erakusten neskak; baina haien eskariak eta irtenbideak oso gutxitan lantzen dira oinordetzan jasoko duten planetari buruzko eztabaidetan. Onartezina da. 

"Funtsezkoa da eraginkortasunez eta lehenbailehen inbertitzea klima-aldaketara egokitzeko, eta egoera oso larria da haurrentzat, neskentzat batik bat, epe motz eta luzeko inpaktuek kalte handiagoa egin baitiezaiekete. Gaur egungo inbertsioek ia erabat alboratu dituzte haurrak. Hori aldatu beharra dago".

Herrialde horietako neska askok inoiz baino gosete handiagoari egin behar diote aurre. 

Mundu osoan, 49 milioi pertsona gutxienez (neskatoak eta horien familiak barne) ahuleria gorria jasateko arriskuan daude; ezin dute ikasi, ezin dira normal hazi, lehorte luzeek eta Ukrainako gerrak bat egin dutelako eta inoizko goseterik larriena eta handiena eragin dutelako.

OHARRAK: 
[1] Batez beste, haurren % 80k muturreko fenomeno klimatikoren bat jasaten du gutxienez urtean (baso-suteak, uzta txarrak, lehorteak, uholdeak, bero-boladak eta zikloiak).
[2] Txad, Afrika Erdiko Errepublika, Bangladesh, Ginea, Burkina Faso, Malawi, Mali, Mozambike, Niger, Hego Sudan.
[3] NBEren aurreikuspen demografikoetan oinarrituta.